Final guztiak izaten dira estuak, baina gaurko hau bereziki estua izanen dela uste dut. Miarritzek lau urte pasa ditu finalik jokatu gabe, baina esperientzia sobera daukate xuri-gorriek. Eskarmentuko jokalariak taldeko postu garrantzitsuenetan ari dira. Miarritzeko bizkarrezurra osatzen duten August, Hariñordoki, Yachvili eta Peyrelongue final anitz jokatu eta irabazitakoak dira. Gibelean ere Balshawek esperientzia handia du nazioarteko txapelketetan. Ederki etorriko da horien esperientzia jokalari gazteagoak gidatzeko.
Miarritzeko hamabostekoa ikustean gustatu zait Hunt 12 postuan kokatu izana, eta Peyrelongue berriz hasieratik zelairatzea. Huntek dohain handiak ditu, baina ez da estrategia gizon bat. Munsterren kontra Peyrelongue sartu zelarik haren zangoak on egin zuen, eta taldea antolatuago egon zen. Erasoaldiak orekatuagoak ziren, eta bariazio gehiago zuen Miarritzeko jokoak. Isaacek asmatu du Peyrelongueri konfiantza emanez.
Aitzinean borroka handia izanen da. Tolosako pack-ak indar handia erakutsi du denboraldi osoan. Anoetan Miarritzeren kontra, edo joan zen astean Perpinyaren kontra, aitzinean ez zen hain sendo ibili Tolosa. Baina ez da ahantzi behar ez zela betiko taldea zelaian. Gaur bi uztartzeak elkar estaliko direla uste dut, eta ez dio inork gaina hartuko besteari. Irabazteko, Miarritzek ez dio Tolosari aitzinatzen utzi beharko, gero haren gibeleko jokalariak gelditzea kasik ezinezkoa delako.
Bukatzeko, prestaketan dago koska. Miarritzek hiru astez ez du jokatu, eta Tolosak partida erabakigarriak izan ditu. Hori okzitaniarren alde da. Lehiaketaren erritmoari eustea zaila da entrenamenduetan, eta, nire ustez, Miarritzeri kostako zaio hasieran erritmoa harrapatzea. Hala ere, nire ustez, badu aski esperientzia hori gainditzeko. Horregatik, sineste dut titulua lor dezakeela.
ERRUGBIA. HEINEKEN KOPAKO FINALA. Miarritzek lor dezake
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu