Lau aste izan ditugu ideia hori gure buruan barneratzeko, baina oraindik ere osasunazale askok ezin dugu imajinatu gure taldea final batean. Gaur, 21:00etan, begiak ondo igurtzi eta ametsetan ari ez garela baieztatzen dugunean hasiko gara sinesten. Agian egun edo aste batzuk geroago konturatuko gara lortutakoaz (gaur garaipena lortuz gero hilabeteak ere beharko dira gertatutakoa irensteko). Baina bai, jaun-andreok, bai, Osasunak final bat jokatuko du gaur.
Orain bost urte Lehen Mailara itzultzea lortu zuen talde hura hain denbora gutxian Europan lehiatzen eta final batean titulu baten bila imajinatzea ez zen erraza. Azken egunetan jokalari gorritxo bat baino gehiago gogoratu da jada Osasunan ez dauden taldekide ohiekin. Palacios, Yanguas eta Mateo bezalako etxeko jokalariekin asko oroitu dira. Kanpokoak izan arren, etxeko bihurtutako beste batzuk ere gogoan dituzte, Alfredo esaterako. Eta beste askorekin ez dira gogoratu ere egin, baina gaur egun Osasuna dagoen tokian egoteko makina bat lan egin duen jende askok utzi du kluba azken denboraldietan. Juan Carlos Unzue bezalako jendea ahaztea ez da bidezkoa. Egun Bartzelonako atezainen prestatzaile lanetan dabil iruindarra, baina gaur Osasunaren elastikoa izango du soinean, eta orain bi urte Huelvako Recreativoren aurka Kopako finalerdian galdutako azken aukera gogoratuko du tarteka. Josema, Iban Perez, Armentano, Sabino, Ziganda, Trzeciak, Alex Fernandez, Angel Luis, Angel, Alfonso, Gancedo, Rivero, Ocio, Vidakovic, Jusue, Contreras, Fernando eta abar luzea ez daude egun Osasunan. Baina haiek orain urte batzuk egin zuten lana gabe Osasuna ez zen gaur final batean izango. Eta inork aipatu ez duen norbait aipatzekotan Miguel Anjel Lotina aipatuko nuke nik. Entrenatzaile meñakarrak igo zuen Osasuna Lehen Mailara. Lehen aipatutakoekin mailari eusteak ez zuen meritu gutxiago. 2000-2001 denboraldiko azken jardunaldian Realaren zelaian gertatutakoaz ez hitz egitea, hobe. Baina han hasi zuen Osasunak titulu bat irabaziz amai dezakeen bidea. Lotinaren bi urte haietan gainditu zuten gorritxoek Lehen Mailaren azterketa zorrotza.
Gaur taldean diren askok ezagutzen dituzte futbolaren miseriak. Miseriak gainditu, bidea aurkitu eta futbolaren gutiziak ere dastatu ahal dituzte orain, ordea. 2002-2003an Espainiako Kopako finalerdietan erori ziren Aguirreren jokalariak. 2003-2004an azken jardunaldia arte Europan lehiatzeko borrokan egon zen taldea. 2004-2005ean saria izan dute Aguirre mexikarraren futbolariek: UEFA poltsikoan dute; bihar titulu bat ere izan dezakete. Ez daudenen omenez, daudenen ohorerako.
ANALISIA
Ez daudenen omenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu