enaut agirrebengoa
Jon Odriozola. Euskadi Basque Country-Murias taldeko kirol zuzendaria

«Ez dugu kerik saltzen, benetako proiektu bat baizik»

2017ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Galtzak bete lan ditu Jon Odriozolak (Oñati, Gipuzkoa, 1970). Heldu den denboraldian Kontinental Profesional mailan ariko da Euskadi Basque Country-Murias taldea, eta zuzendaria buru-belarri dabil jauzia prestatzen. Egutegia atondu, babesle berriak erakarri, taldea osatu… Hamaika zeregin ditu, baina pozarren dabil. Ametsa baita harentzat euskal talde bat berriz ere onenen artean ikustea. Emandako pausoaren garrantzia azpimarratu du, eta, era berean, babesa eskatu die zale, enpresa eta erakunde publikoei. «Hor dago denok eskatutako proiektua, eta, orain, bultzada bat behar du». Etorkizunari begira, ateak ireki dizkio zuzendaritza aldaketari. «Jada bete dut ziklo txiki bat».

Azken txanpan da aurtengo denboraldia. Zer balorazio egiten duzu orain arte egindako lanaz?

Balorazioa positiboa da. Taldeak aurrera egin du urtetik urtera. Aurten, agian, garaipen bat falta izan zaigu, baina irudi eta nortasun aldetik beti erakutsi dugu nor garen. Euskadi izena oso goian utzi dugu. Aurtengo denboraldiari oso ongi bat jarriko nioke.

Azken sasoia izango du Murias taldeak Kontinental mailan. Datorren urtean Kontinental Profesional mailan ariko da. Garbi ikusi duzue jauzia eman beharra zegoela?

Bai. Guk egutegi oso ona lortu dugu. Agian, ez dator bat gu orain arte egon garen mailarekin. Alde horretatik, pozik egon gaitezke. Baina, bestalde, maila honek amateur izaera dauka. Hori mundu guztiak ikusi du: zaleek, hedabideek eta guk geuk. Derrigorrezkotzat jo dugu pausoa ematea. Uste dut zailena eta gogorrena eginda dagoela. Nik, Muriasi esker, nire ametsa zena lortu dut: Euskaltelen desagerpenaren ostean, euskal talde bat Kontinental Profesional mailan ikustea. Niretzako erronka eta apustu bat zen hori, eta bete dut. Denok eskatu dugun proiektua hor dago, eta, orain, bultzada bat behar du.

Kudeaketa asko egin behar al da mailaz igotzeko?

Ez dago zerikusirik bi mailen artean. Kontinental Profesional mailan, UCIk kontrolatzen ditu betebehar guztiak. Baldintzak askoz ere zorrotzagoak dira. Azkenean, benetako talde profesional bat izan behar duzu. Soldatak profesionalak dira, aurrekontua askoz ere handiagoa da, burokrazia aldetik betekizun gehiago dago... Maila honetan, munduko lasterketarik onenetan parte hartzeko aukera izan dezakezu. Hortaz, Lehen Mailan gaude. Gero Txapeldunen Liga bat dago, World Tourreko taldeek osatua. Ezinezkoa zirudien euskal talde bat berriz ere elitean ikustea, baina hor gaude.

Erronka ez da makala. Orain, sona handiko lasterketetan ariko zarete, eta ez da erraza izango distira egitea. Zein helburu izango du Muriasek?

Pazientzia eskatzen dugu. Zaila da pausoak ematea, baina gure nortasuna erakutsi nahi dugu lasterketa guztietan. Betiere, jakinda gure mugak izango ditugula lehen urtea izanda. Pazientziaz, gure tokia egiten saiatu behar dugu. Irudi ona ematen ahaleginduko gara, borroka, gogoa eta ilusioa jarriz. Gauzak ondo egin behar ditugu, behera begira, euskal txirrindulariak trebatuz. Hori da bidea etorkizunean talde on bat edukitzeko, Tourrera itzultzeko, eta bertan protagonista izateko.

Parte hartuko duzue Euskal Herriko Itzulian, Espainiako Vueltan eta Donostiako Klasikoan. World Tourreko zein beste probatan aritzea aurreikusten duzue?

Egutegi on bat osatzeko lanean gabiltza. Orain daukagun taldearekin, eta lehenengo urtea izanda, ezin gara lasterketa guztietan egon. Baina gure helburua da egutegian World Tourreko lasterketa gehiago sartzea. Baita beste proba garrantzitsu batzuk ere. Badakigu ez dela erraza izango, exijentzia aldetik lasterketa oso garrantzitsutan hartuko dugulako parte. Hori kontuan harturik, egutegi erakargarria lantzen saiatuko gara.

Gauza handia izango da Muriasentzat etxeko lasterketa garrantzitsuenetan eta itzuli handi batean parte hartzea, ezta?

Zoragarria da taldeak halako aukera izatea. Hor ikusten da zenbat lan dagoen atzetik, eta zer-nolako pausoa eman dugun. Zaleen nahia zen behingoz halako talde bat edukitzea, eta guk errealitate bihurtu dugu. Orain, etorkizuna eman behar zaio errealitate honi. Eta, horretarako, denon laguntza behar dugu.

Mailaz igota, taldea indartu egin behar da ezinbestean. Jada egin dituzuen zenbait fitxaketa: Mikel Aristi, Enrique Sanz, Jon Aberasturi eta Cyril Barthe. Nolako taldea eduki nahiko zenuke datorren sasoian?

Garbi izan behar dugu nor garen, eta zer helburu eta muga ditugun. Gure xedea da euskal txirrindularitzarentzat irtenbidea izatea, ziklistei aukerak emanez. Azken hiru urteetan hor izan gara. Orain are alternatiba sendoagoa dago, eta horrek ilusioa sortuko du afizionatu- taldeetan.

Beraz, harrobian oinarritzen jarraituko duzue.

Bai. Zer dagoen ikusi, eta pixkanaka aukerak zabalduz joan nahi dugu. Proiektua sendotzen doan heinean, fitxaketa garrantzitsuagoak egiteko aukera izango dugu. Baina beti behekoa ondo landuta. Gure helburua da txirrindulari onak prestatzea. Eta, horretarako, pazientzia apur bat izan behar da. Guk ez dugu kerik saltzen, benetako proiektu bat baizik. Inplikazio handia izan dugu, eta orain derrigorrean behar dugu laguntza, hazten jarraitzeko.

Elitean beti da garrantzitsua eskarmentua duen ziklistaren bat edukitzea. Badago aukerarik World Tourreko norbait fitxatzeko?

Euskal Herrian 23 urtez azpiko taldeetan aritutako jendeari erreparatzen diogu batik bat. Baina, bai, egia da esperientzia duten txirrindulariak ere behar ditugula. Ari gara saiatzen, eta baten bat etorriko da. Bera izango da liderra, eta gehiago eskatuko diogu. Halako jendea izatea beti da ona, gazteek asko ikasten baitute. Baina ez dugu burua galduko. Enrique Sanz edo Jon Aberasturik egin dezakete lan hori. Hor ditugu ere Gari Bravo, Mikel Iturria eta Mikel Bizkarra. Maila polita daukate, eta datorren urtean beste koska bat igoz gero, ikusi beharko da nola moldatuko diren. Beraiek ere adinean aurrera doaz, eta eskatu beharra daukagu pauso bat eman dezatela.

Zenbat txirrindulari izango dituzue datorren denboraldian?

Hemezortzi eta hogei artean. Askotan aukera izango dugu bi lekutan egoteko. Horretarako, Kontinental mailan baino ziklista eta langile gehiago behar dira, eta antolaketa hobea. Eta hori ondo ari gara prestatzen.

Aurrekontuan ere jauzia izango da. Kontinental Profesional mailan gutxienez bi milioi euro izatea eskatzen baita.

Hori lortzeko esfortzu handia egin du Muriasek. Eta urrats gehiago egiteko, marka berriak, babesle berriak eta zaleen laguntza behar dugu. Urtetik urtera, geroz eta ekarpen handiagoa egin du Muriasek, eta orain salto handia eman du. Oinarria badugu, eta orain garatu egin nahi dugu proiektua.

Zenbatekoa izango da aurrekontua?

Bi eta hiru milioi euro artekoa.

Negoziazio aurreraturik baduzue enpresa edo markaren batekin?

Gauza asko oso aurreratuta daude. Pausoa horregatik ere eman dugu. Orain errazagoa izango da hori dena finkatzea. Batzuek lehenik eskatu, eta, gero, urratsak egiten dituzte. Guk, ordea, alderantziz: aurrena pausoak eman, eta ondoren eskatu. Hori da Muriasen funtzionamendua, eta nirea ere bai. Enpresa askorekin jarri gara harremanetan, eta batzuek adierazi digute borondatea gurekin bat egiteko. Euren esku dago, baina nahiko itxura ona dauka egoerak.

Eta instituzioekin izan duzue elkarrizketarik?

Horretan ere bagabiltza. Azkenean, gazteei bultzada bat ematea da gure helburua. Hasi gara instituzioekin hitz egiten, eta adierazten zeintzuk diren talde honen oinarriak. Hitz onak jaso ditugu. Orain dena errazagoa izango da, eta espero denon artean proiektu sendo eta polit bat osatzea.

Orain dela hilabete batzuk adierazi zenuen Muriasek «urte askoan» iraun dezakeela. Konfiantza handia duzu proiektu honetan.

Argi eta garbi. Murias sortu genuenean, euskal txirrindularitza egoera zailean zegoen. Guk esfortzu handia egin genuen, eta jada hiru urte daramatzagu ekinean. Horrek erakusten du ilusioa eta gogoa dugula hau aurrera ateratzeko. Ez dut uste inor guri ezer exijitzeko moduan dagoenik. Guk pauso asko eman dugu, eta orain behar dugu jende gehiago sartzea proiektuan. Jendeak beharrezko ikusten badu luzerako talde bat osatzea, egingo dugu. Orain oinarri sendo batzuk jartzeko unea da.

Zeure burua urte askotan ikusten duzu Muriasen?

Uste dut jada bete dudala ziklo txiki bat. Ni nahiko berezia naiz, eta helburu batzuk betetzen ditudanean, gelditu, pentsatu, eta beste xede batzuk ezartzen saiatzen naiz. Hau ez da Jon Odriozolaren taldea. Ez dago pertsona bakar baten esku. Euskal Herriko proiektu bat da. Ni ez banago, honek jarraitu egin behar du. Hor daude Ruben Perez, Xabier Muriel, Eneko Garai... Azkenean, egitasmoa pertsonen gainetik dago. Alde horretatik, bakarra izan naiz hori mahai gainean jartzen. Beti izan dut sinesgarritasuna txirrindularitzaz ulertzen duen jendearentzat. Euskal Herri mailan edozein egitasmo atera denean, jendea nire bila etorri izan da. Nik sekula ez dut inor deitu. Jendeak pentsatu izan du pertsona egokia naizela halako proiektuei irtenbidea emateko. Orain ere horretan dihardut. Isil-isilik eta umil-umil.

Datorren sasoian, beste berritasun bat izango da Muriasen: emakumezkoen taldea izango duzue. Hori ere urrats oso garrantzitsua da.

Proiektu sendo bat izateko, emakumezkoen txirrindularitzari ere buelta bat eman behar zitzaion. Aurten Movistarrek ere taldea atera du, eta horrek eragin handia du guregan kirol arloari dagokionez. Baina gure helburu bakarra ez da kirol egitasmo soil bat garatzea.

Agurtzane Elorriaga ariko da zuzendari lanetan. Nolako taldea izango du bere esanetara?

Emakumezkoen taldea ere jende gaztean oinarrituko da. Gizonezkoen taldearen helburu bera izango du. Ez da alderik izango. Bi taldeek ezaugarri berberak izatea nahi dugu. Euskal ziklismoari irtenbide bat eskainiko diote biek. Emakumezkoen taldea UCI kategorian ariko da.

Sopela eta Bizkaia Durango ere hor daude. Ez litzateke hobe talde bakarra edukitzea?

Hemen proiektuak batasun eta norabide batekin sortu izan dira beti. Hori da benetako helburua. Baina, orain, garrantzitsuena pausoa ematea zen. Behin hori eginda, forma ematen has zaitezke. Batzuetan, gainera, gauzak ezin dira nahi duzun moduan egin. Pertsonalismo eta kontu asko daude. Baina behin urratsak eginda, beti dago aukera pixkanaka gauzak hobetzeko.

Euskadi fundazioan aginte aldaketa izan da. Mikel Landak hartu du presidentetza. Badago aukerarik lankidetzarako?

Ez dago dudarik. Gainera, nik horretan badut ibilbidea. Muriaseko arduradunak lankidetzarako aukerak ari dira aztertzen. Borondate osoa dago denon artean gauzak ondo egiteko, jakinda bakoitza non dagoen... Taldeak begi onez ikusten du elkarlana, eta nik ere bai. Laguntzera datorrena ongi etorria izango da.

Euskal txirrindularitza denetariko egoeretan ikusi duzu. Ziklista gisa, garai oparoan; eta zuzendari moduan, garai zailetan. Etorkizuna nola dakusazu?

Etorkizunera begira, benetako proiektu bat dago. Ezinezkoa zirudienean, Kontinental Profesional talde bat osatu dugu, gogo eta ilusio handiz. Hala, datorren denboraldian erabaki behar dugu nora eta nola joan nahi dugun. Galdera horiek guztiok egin behar ditugu, eta bakoitzak bere buruari. Eta ez elkarri begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.