mikel reina
Hirukotik

Ezusteak erdia ustel

2024ko otsailaren 20a
05:10
Entzun

Kopen asteburua izan da Europan; zirkuaren asteburua, berriz, Estatu Batuetan. Ikuskizunaren asteburua izan da, era guztietakoa, ona eta ez hain ona. Azkenean, ikuspuntu kontua da, batzuentzako ikuskizuna erabatekoa izan da, eta beste batzuentzat, ez hainbeste.

Malagan jokatu da Espainiako Kopa. Ezusteetarako tarte gutxi izan da, ia batere ez. Valencia Basketek eta Tenerifek garaipena eskuratzea ezin daiteke ezustetza jo, bi final-laurdenik berdinduenak baitziren. Hain zuzen ere, lehen kanporaketako berdintasuna eta emozioa falta izan ziren finalaurrekoetan.

Azken batean, Real Madril eta Bartzelona taldeek partidak hausteko ahalmen ikaragarria dute. Normalen bi modu izaten dituzte horretarako: aurkaria pixkanaka higatuz, Valentzia Basketi pasatu bezala; edo, kolpe zuzen eta zital bat emanez, Teneriferi pasatu zitzaiona. Finalean, berriz, lehia zuzena izan zen, eta logika inposatu zen, indartsuenak irabazi zuen. Ez dago Real Madril bezalako talderik denboraldi honetan Europan. Dena irabazteko hautagai nagusia da, eta ezusteko handia izango litzateke garaikurrek alde egitea, indartsuenaren legeak agintzen du, eta hori baliabide ekonomikoek ematen dizute. Ezustekoak gero eta ezustekoago dira.

Joera orokorra

Baina ez da bakarrik Espainiako kontua izan, Europa osoko joera izan da. Kopa txapelketa nagusien artean, bitan baino ez dute garaikurra lortu Euroligan ari ez diren taldeeak: Frantziakoan eta Italiakoan. Frantziakoak ez zuen ezta Euroligako ordezkaririk izan ere finalean. Goranzko joera nabarmena duen Paris Basketball taldeak irabazi zuen Kopa. Europako beste hiriburu bat merkatuan sartu nahian, Londres bezala. Azkenean, ez da guztientzako lekurik izango, eta ondo dakigu nortzuk izango diren kaltetuak. Horregatik, Napolik emandako ezustekoak saskibaloiak duen berehalakotasun horretan sinesteko aukera mantentzen du. Ettore Messinaren eta Milanen enegarren porrota gauzatu zuen Italiako hegoaldeko taldeak. Azkenean, futboletik harago, toki askotan dago saskibaloia. Ezusteko tokietan ere bai.

Gainontzekoetan, Euroligako taldeak gailendu dira, eta, gehienetan, goi mailako bi taldeen artean erabaki da txapelduna: Turkian, Serbian eta Grezian, adibidez. Hori da joera azken urteetan, ezusteetarako gero eta tarte txikiagoa dago. Euroligako taldeek beren aurrekontuak inposatzen dituzte. Horren aurka ezer gutxi dago egiteko. Partida bakarrera ere zaila da.

Alemanian, Pablo Lasok bere lehen garaikurra irabazi du Bayern Munichekin. Finalaurrekoetan Basket Ulmek Alba Berlin kanporatu eta gero, bideratuta utzi zion garaikurra. Grezian, Olympiakosek Panathinaikosi irabazi zion finalean, Ergin Atamanen planak oraindik apur bat gehiago itxaron beharko du mamitzeko. Turkian Saras Jasikevicisek ere bere lehen garaikurra altxa zuen Anadolu Efes gainditu ostean. Atamanek utzitako arrastoan gero eta gehiago sakonduz. Serbiako derbi handian, berriz, Izar Gorriak Partizan menderatu zuen. Horiek izan ziren Euroligako ordezkarien beste bi finalak. Zalgirisek erraz irabazi zuen Lituanian.

Zaharkituta

Eta hori izan zen Koparen asteburua saskibaloiari dagokionez. Indianan jokatutako NBAren Izarren Gaueko saskibaloitik gero eta urrunago dago. Atzean geratu da goizaldeko ordu txikitan esnatzeko ohitura, orain ez dira ezta jokaldirik onenak ikusten, nork irabazi duen txapelketa bakoitza edota nor izan zen jokalaririk onena. Hori guztia atzean geratu da. Ikuskizun hutsa da, ikusi nahi duzuna, baina ez saskibaloia. Birrintzeen txapelketa, adibidez, zaharkituta geratu da, berritasun gutxi daude, betiko birrintze berdinak dira. Akaso, Izarren Gaueko gauzarik onena Sabrina Ionescuren agerpena izan zen, eta zelakoa gainera. Emakumezkoen baloiarekin, baina NBAko hiruko marra berdinetik jaurtitzen. Stephen Curryk baino bi puntu gutxiago sartu zituen. Baina txikia da emakumezkoen presentzia Izarren Gauean, jokalariak oporretan daude, edo, bestela, Europako taldeetan jokatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.