gorka erostarbe leunda
Kate Librean

Ihesaldiak

2024ko apirilaren 3a
05:10
Entzun

Eta bai, mugak gugan daude, eta ihesaldiak, kasurik onenean, gure esku.

«Ihesalditxo» deitzen diogu errutinaren zein produkzio gurpil zoroaren jardun aspergarri temosotik atera eta ohikoa ez den lekuren baterako bidea hartzeari. Pribilegiatuon edo sasi-pribilegiatuon ihesalditxo horietako bat profitatuz fortunatu gara gurasook eta hiru alabok, Donibane Garazitik Uztarrotzera bidean, Errobi eta Irati ibaien arteko ibar eta mendiguneen artean, gure Itzuli propioa eginez.

Sara hurre samarretik igaro eta Idazleen Biltzarra gomutara. Itsasu igaro eta Errobi musika jaialdia gogora, eta, nola ez, Errobi taldearen 50. urtemuga. Luhuso igaro eta antzerki kontuak zein fuchstarrak mihira, eta zoriaren fortuna zer den, egun berean Luhusoko operazioaren auzia Parisen, bakegileen ekimena zigortzeko asmoz. Baigorri eta Larresoro herrien kartelak bistaratu eta lehenengoan filmaturiko eta bigarrenaren hoskidetasuna duen Josu Martinezen Bizkarsoro filma ezin ahaztu.

Tropeletik eskapo egin eta ia egun osoan ihesalditxoan jardun dute Jetse Bolek, Alexis Vuillermozek eta Xabier eta Enekoitz Azparren anaia euskaldunek; tropelaren aginpide malapartatutik alde egin eta arnasa beste molde batean hartzen saiatu, ordu batzuez behinik behin. Bizitza beste ikusmira batetik behatu. Kanboko helmugatik kilometro eskasetara jan ditu tropelak. Zoria berriz ere; Kanbotik Hazparnera zortzi kilometro eskas daude. Azparrentarren abizenaren jatorria Lapurdiko herri horretan omen. Polita zatekeen, baina...

Gure ihesalditxoa ere gaur amaituko da. Ihesaldiak amaitu egiten dira. Beti dago patroi-tropelbururen bat hura eteten-zigortzen duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.