Kristina Berasain Tristan.
Qatarko Munduko Kopa. WAQIF ZOKOTIK

Ikurrak

2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Pernambucoko banderak hiru koloreko ortzadar txiki bat du, zeruaren handitasuna irudikatzen duen urdinaren gainean. Berdea, horia eta gorria da, eta Pernambucoko herritarren batasuna adierazten du. Ikurrak beste ikur gehiago dauzka (izar bat, eguzki bat eta gurutze bat), baina ortzadar ñimiño hori aski izan da... Brasilgo estatu horretako kazetari batek salatu duenez, poliziek bandera kendu zioten, eta ondoren zapaldu.

Sareetan bolo-bolo ibili dira irudiak. Izan ere, Qatarren ortzadarra debekatuta dago. Ez argi zuriaren errefrakzioz zeruan sortzen dena, baizik eta kolektibo baten askatasunaren sinboloa dena. LGTBI kolektiboaren ikur unibertsalak maitasuna maitasuna dela aldarrikatzen du, baina one love dioten koloretako besokoak ere debekatu dituzte Munduko Kopan. Ezein objektuk ezin du eraman ostadar ikonikoa duen ezer.

Qatarko banderak bi kolore baino ez ditu: granatea eta zuria. Hasieran gorria izan zen, baina eguzkitan egoteak ilundu egiten zuen, eta horregatik aldatu zuten. Zuriak bakea esan nahi du; granateak, odola. Granateak bi herenak hartzen ditu; odolak, alegia.

Metafora bat izan liteke, baina ez da. Zigor Kodea zehatza da. Sexu berekoen arteko harremanak delitu dira han. Heriotza zigorra da kondena. Gizon edo emakume bat edozein modutara limurtzea ere debekatuta dago, baita sodomia edo ekintza immoralak egitea ere.

Amazigen banderak hiru kolore ditu: urdinak itsasoaren eta zeruaren kolorea ordezkatzen du, berdeak lurrarena, eta horiak basamortuko hondarrarena.

Dohan Tamazghako bandera bat ere atzeman dute. Antza kolore gehiegi zituen, eta ostadarraren koloreekin nahastu zuten.

Erdian sinbolo gorri bat dauka ikur horrek ere, z letra, yaz edo aza tifinagh alfabetoan. Gizon askearen ikurra da. Hori bai, metafora bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.