Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Iribarren eskularruak

2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
1962ko irailaren 23a. Berrogeita hamar urte, dagoeneko. Urruti bezain hurbil. Momentu hura bizi izan zutenentzat, gertu; ezagutu ez zutenentzat, urrun. Mitoa jaio zen egun hartan, berak eta beste inork ez bazekien ere. Partidaz partida, entrenamenduz entrenamendu, atezain handienetakoa zizelkatu zen. Hezur-haragizko estatua. Omenaldia berrogeita hamar geroago. San Mamesen. Iribar erretiratu ondoren, Athleticeko atezain izan diren guztiak zelaian, mitoaren kide. Denen artean, era guztietako baloiak geratzen saiatu dira urteen joanean. Jaurtitzaileak ere ezberdinak denak. Baliabideak ere beste horrenbeste. Omenaldiari beste ikuspuntu bat emanez, futbolaren bilakaeraren zati bat azaldu zen soro piloan. Iribar hasi zenetik eta atzo arteko bidean, asko aldatu da kirol hau... baina dena aldatu al da?

Abiadura eta zehaztasuna. Garai hartako futbola makalagoa zen. Ez zeukan egungo bizitasunik. Defentsako lana ere ez zen orain bezain zorrotza, buruz buruko zaintza estua erabiltzen bazen ere. Denbora eta leku gehiago zeukan jokalariak erasoan mugitzeko eta baloia erabiltzeko. Beharrik ez zeukatenbaloia azkar mugitzeko, eta ondorioz, erritmoa ez zen bizia. Zehaztasuna lortzea errazagoa zen. Gaur egun, beste muturrekoa da joera. Denbora eta leku gutxiago dauka jokalariak gauzak egiteko, eta defentsako lana asko estutu da. Baloia azkar eta ondo erabili behar da, ezinbestean. Eta hor dago zailtasuna. Azkartasuna eta zehaztasuna uztartzea biziki zaila da. Iribarrek ederki ikusi zuen hori herenegun, bere taldearen baitan. Bigarren zatian, majo bizituen zuen erritmoa Athleticek, baliabide teknikoak eta taktikoak nahasiz. Behar zuen neurketak horrelakorik, eta hori zuen irabazteko bidea Bielsaren taldeak. Baina asmatu, ez zuten asko asmatu jokalariek, abiadura horretan zehatz aritzea oso zaila delako.

Baloia, zertarako? Iribar Athleticen hasi zen garaian, selekzioen artean Brasil zen nagusi. Pele, Garrincha eta gainerakoek zur eta lur zeukaten mundua. Txilen Munduko Kopa irabazi zuen talde hark. Baloiaren jabetzan oinarrituz eta bakoitzaren baliabide tekniko bikainak erabiliz, garaipenak garaipenari pilatu zizkion. Jogo bonito delakoaren sorrera talde hartan gauzatu zela esaten da. Baloia behar zuen Brasilek, bestela ito egiten zen. Baina ez zen baloia edukitzea bakarrik, jabetza horri etekina ateratzea zuen helburua. Zertarako eduki, bestela, baloia? Orduko hartan, telebistetan ez zuten emango baloiaren jabetzaren datua, partidak ere ematen nahikoa lan izango zuten eta. Orain ematen da, eta batzuentzat, erabakigarria da baloiaren jabetza handia izatea. Baina gero, zenbaitetan, emaitzak ez du gauza bera adierazten: baloiaren jabe izan dena, galtzaile. Ez da urrutira joan behar adibide bila. Levantek Realak baino gutxiago erabili zuen baloia, baina irabazi egin zion. Zein ondo mugitu zuen baloia Realak! Bai, baina zertarako eta non? Jabetzari eraginkortasuna gehitzeko, zelaia zabaldu behar da, sakontasuna lortu, abiadura sartu sartu behar denean... 1962an eta 2012an.

Entrenatzaileen joan-etorria. 1962an hasitako bideak 1980an izan zuen amaiera. Atezaina mitikoa bilakatu zen. Denboraldi mordoa egin zituen Athleticek. Berak lortu zuen egonkortasuna, ordea, ez zen egon entrenatzaileen aulkian. Ibilbide osoan hamahiru arduradun teknikok izan zuten Iribar entrenatzeko ohorea. Ez dira gutxi. Bolada hartan handia izan zen entrenatzaileen joan-etorria taldea. Ematen du azken urteetako joera dela aldaketena, bat kendu eta bestea jartzekoa, baina orduan ere baziren halakoak, antza. Txoroak izaten dira emaitzak, eta denboraldi batetik bestera asko alda daitezke. Orduan eta orain. Galdetu, bestela, Osasunakoei. Zuritik beltzera joan dira bost jardunalditan. Bost partida horiek suntsitu egin dute joan zen denboraldian hogeita hemezortzi neurketetan lortutakoa. Halakoetan gertatu ohi den bezala, aurreneko begirada zorrotzak aulkira joango dira. Bolada txar hau ez bada azkar eteten, batzuek sua pizten hasiko dira, beti dagoelako halako jendea hori egiteko gertu. Iribarrek hamahiru entrenatzaile izan bazituen, Patxi Puñalek bederatzi izan ditu Osasunako lehen taldean dagoenetik. Lehengo lepotik burua arlo horretan futbolak. Iribarren eskularruak harizkoak ziren, oraingoak ez bezala, baina dena ez da aldatu futbolean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.