Aldaketa gutxi daude joan zen denboraldiarekin alderatuz. Azken sasoietan bezala, hiru multzo nabarmentzen dira, helburuen arabera ezberdinduak. Aurreneko multzoan, txapela irabazteko hiru faboritoak daude: Bartzelona, Ciudad Real eta Portland San Antonio. Bigarren multzoan, faboritoei puntuak kentzen Liga erabaki dezaketen taldeak daude: Ademar, Valladolid eta CAI Aragoi. Azkenik, hirugarren multzoan, beste talde guztiak daude. Hirugarren multzo honetan ñabardurek erabakiko dute: txapelketa ondo hastea, lesiorik ez izatea... Ez dago talde eskasik, eta hori igarri egingo da. Lehia bizia izango da, lehen postutik hasi eta azkenera arte.
Portland. Kjellingen eta Vugrinecen fitxaketekin, talentu eta baliabide tekniko gehiago ditu erasoko jokoan. Horrek badu alde txarra, defentsan aldaketa asko egin beharko dituelako. Horri aurre egiteko baliteke maiz 5-1 defentsa erabiltzea, eta Balicek aurreratu gisa jokatzea, kontraerasoa bideratzeko. Defentsako aldaketak ondo eginez gero, horma bikaina eraiki dezake: Dominikovic, Juantxo, Jorgensen... Ikusgarria. Ekisoainek, halere, aldaketekin asmatu beharko du, Vugrinec ezkerrari atseden emanez, esaterako. Bera ordezkatzeko bi irtenbide ditu: eskuin alboko bat jartzea postu horretan edo Rocas hegalekoa horra pasatzea. Iragan denboraldian, lesioak zirela medio, behin baino gehiagotan aldatu zuen Rocas hegaletik albora, eta honek maila polita eman zuen.
Atea da zalantza gutxien sortzen duen postua. Ez da gutxiagorako, Kasperrekin eta Svenssonekin bikain zainduta baitute atea. Aldagelan pisu handia zuten bi jokalari galdu ditu (Garralda eta Alberto Martin), baina ez dut uste horrek kalte egingo dionik. Okerrik ezean, txapel guztiak irabazteko borrokan egon behar du Portlandek.
Bidasoa. Julian Ruizek ezarritako estiloari eutsiko dio beste denboraldi batez. Defentsa zorrotzaren alde egingo du berriro, eta arlo horretan taldeko bi piboteek (Viudesek eta Onetok) garrantzi handia izango dute. Haiek izango dute Bidasoaren defentsaren erdialdea osatzeko ardura. Ez hori bakarrik, erasoan ere aurreko denboraldian baino ardura gehiago hartu beharko dituzte. Ez dute lan samurra izango, Julen Aginagalderen hutsunea betetzeko ardura izango baitute.
Jokalari berrien egokitzapenak ere zer esana emango du. Badirudi Georgescu eta Pocholo ondo ari direla, arazo handirik gabe. Trivundzak eta Bilbijak, berriz, egokitzapen arazo gehiago izan ditzakete, taldearen jokoari dagokionez behintzat. Lehen lerroko jokalariak izanda, kontzeptu gehiago barneratu behar dituzte, eta horretarako denbora pixka bat beharko da, are eta gehiago hizkuntza menderatzen ez denean. Gazteak dira biak, eta aurkezpen txartel ona dute. Bilbijarekin, hala ere, pazientzia izan behar da. Urtebete egin du min hartuta, eta hain etenaldi luze baten ondoren kosta egiten da berriro sasoi betean egotea, lehiaketari berriro neurria hartzea.
Arrate. Ondo antolatutako taldea da, aldaketa aproposekin. Iragan denboraldiko oinarriari eusten dio. Pasa den sasoian bizkarrezur hori genuen, baina lesioen ondorioz taldea hautsi egin zen. Jurkiewicz eta Dalibor Cutura osatu egin dira eta klubak fitxaketa onak egin ditu (Ivo Diazena batez ere), baina zalantza eta arazo ugari daude taldearen inguruan. Nire ustez, Kobineren lesio larria ordain dezake taldeak, ezker jokalaririk gabe geratzen baitira eskuin albokoan. Horrek taldearen erasoko jokoa baldintzatuko du, baliabide gutxiago izango baitituzte. Gabezia hori estaltzeko joko azkarragoa jokatu beharko dute. Baina Kobineren hutsunea ez da bakarrik erasoan sumatuko, defentsan ere asko laguntzen zuelako. Nola edo hala egin beharko diote aurre horri. Funtsezkoa izango da lehen partidetan puntuak lortzea, urduri ez jartzeko. Baina zaila izango da, lesioen erruz, ez baitute nahi bezalako denboraldi-aurrea egiteko aukerarik izan.
Lehengo lepotik burua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu