ainara arratibel gascon

Noizko aitortza berdina?

2024ko apirilaren 12a
05:15
Entzun

Azkenean irten zen gabarra Bilboko itsasadarrera atzo. Askok espero zuten eguna izan zen, 1984tik irten gabe baitzegoen. 40 urte, lau hamarkada. Athleticeko zale askok aspaldi espero zuten eguna bizi izan zuten. Baina 40 urte horiek gutxiago izan zitezkeen: 21, hain zuzen ere. Izan ere, 2003an talde zuri-gorriaren emakumezkoen taldeak lehen liga irabazi zuen. Haientzat, ordea, ez zen gabarrarik izan. Ezta liga irabazi zuten beste lau aldietan ere. Harrera egin zieten, bai. Baina ez zuten itsasadarraren bi alboetan jarritako zaleen berotasuna jasotzerik izan. Arrate Orueta, Aitziber Juaristi, Nerea Onaindia, Eli Ibarra, Iraia Iturregi, Ainhoa Tirapu, Erika Vazquez, Nekane Diez, Vanessa Gimbert eta beste jokalariak aitortza hori jaso gabe geratu ziren. Nahiz eta titulu bat irabazi. Bilboko itsasadarreko zubietako batean agertu zen pankarta batean honela irakur zitekeen atzo: «Noizko emakumeei aitortza kirolean?».  

Datozen asteetan horren beste adibide bat ikusi ahal izango da. Realaren emakumezkoen taldeak Espainiako Kopako finala jokatu du, Zaragozan, Bartzelonaren kontra. Partida ikusiz gero, erreparatu garaikurrari, eta alderatu  gizonezkoen Koparekin. Emakumezkoen titulua askoz txikiagoa da gizonezkoek jasotzen dutena baino. Gogoratzeko modukoa da, gainera, duela bi urte Superkopako finalaren ostean Bartzelonako eta Realeko jokalariek beren kabuz hartu behar izan zituztela dominak. Ez zegoen inor haiek jartzeko. Bestalde, duela bost urtetik jakina zen aurtengo gizonezkoen Kopako finala Sevillan jokatuko zela. Emakumezkoen finala non jokatuko den aste honetan argitu da.

Athleticek aukera aparta galdu zuen gabarra atera ez zuenean, berdintasunaren bidean eragile izateko. Beste askotan egin izan du hori. Adibidez, jokalarien lan baldintzak finkatzerakoan. Beste talde batzuetan ez bezala, emakumezkoen taldea aspalditik ari da goizez entrenatzen, eta talde profesional bati dagozkion azpiegiturak ditu. Lezaman emakumezkoen taldeak duen eraikina da horren erakusle nagusia. Baina orduko hartan ez zuen aukera baliatu. Eta gabarra ateratzeak esanahi handia dauka sozialki eta sinbolikoki. Eta hori funtsezkoa da tratu berdintasuna bermatzeko ere. 

Baina Athleticena ez da adibide bakarra. Emakumezkoaren futbolaren ikusgaitasuna gero eta handiagoa da. Gero eta jende gehiagok erreparatzen dio. Realak eta Athleticek San Mamesen edo Anoetan jokatu izan dutenean argi ikusi da hori. Baina klubak motelago doaz. Ez dute azeleragailua zapaldu. Apustua egin dute, baina neurrian. «Oraindik ez da errentagarria», hori da erabiltzen duten aitzakia. Estadioak, adibidez, oso tarteka eta esanahi berezia duten partidetan zabaltzen dituzte soilik. Klubetako dendetara joanez gero, emakumezkoen taldeko kamiseta gutxiago topatzen dira. Edo, zenbait kasutan, ez dago neurririk. Gainera, dena ez da errentagarritasuna. Futbolaren eta kapitalismoaren arteko binomio hautsi ezina. 

Kluben benetako apusturik gabe ezinezkoa da urratsak sendoagoak izatea. Ez dira arduradun bakarrak, baina indarra dute. Horregatik eskatu behar zaie ardura bat, eta motor lana egitea. Ontziko gidariak izan behar dute, eta atzetik bultzatzen zaleak. Biko hori geraezina izan daiteke, eta kristalezko sabaia apur dezake. Betiere bere identitate propioa mantenduz, emakumezkoen futbolak dituen eta bultzatzen dituen balioak bestelakoak baitira, eta horiek ezin ditu galdu: berdintasuna, gertutasuna, kiroltasuna, familia izaera... Horrek egiten baitu berezi, eta desberdin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.