Ez zutela jokatuko esan zutenean egin zuten urratsa, eta jokatuko dutela esan dutenean (ere) egin dute urratsa. Ardurari eta erantzukizunari dagozkionak dira urratsak. Une jakin batean planto egiteko eta une jakin batean planto aktibo bati ekiteko. Gai berberaren inguruan egingo dira hainbat irakurketa. Errazagoa da jokalariak jomugan jartzea agintearen goxoa ozpintzea baino. Errazagoa da haustura jokalarien artean xaxatzea, aginte gorenagoen zaputza eragin eta jasatea baino. Baina mahai gainean jarritako argudioek eta mahaiaren bestaldetik jasotakoek jarri dute bakoitza bere tokian. Mugak aitzakia hartuta aurrera egin nahi ez duenarekin behin eta berriz topo egin beharraren beharraz etsita egin dute jokalariek urratsa, eta eskatu dute euskal jendartearen laguntza. Beste bide eta erakunde batzuk lantzea eskatzen dute.
«Argi dagoena da, gu federazioan sartu ginenean ez zegoela partidarik, eta orain partida hori berreskuratu dugula». Hori da Euskadiko Federazioko presidente Santiago Arostegik orain arte argi daukan gauza bakarra. Egin duen hausnarketa bat-batekoa. Kito. Egina. Partida nahi zuten eta partida berreskuratu dute. Barka, berreskuratu «dugu». Haren hautagaitzaren lorpen-zerrendan lehenengo postuan jarriko dute, ziur. Espainiako Federazioaren egituran gora egiteko jarrita daukaten merituen zakua majo bete dute. «Eurak dira protagonistak, elastikoa jantzi edo ez erabaki behar dutenak», dio. Bai? Ziur? «Baina zerbait esan nahiko du hainbeste bilera egin izanak eta eurek azkenean partida jokatuko dela jakinarazteak». Baina jokalariak ez al ziren ba protagonistak?
Horrekin egin dute topo jokalariek. Eurek egindako puntuz puntuko eskaera orriari baino gehiago merituen salerosketari erreparatzen dion erakunde eta agintariekin. Jokalariek ez dituzte alferrik bide eta erakunde berriak eskatu. Ziklo baten amaieraz eta aro berri baten hasieraz mintzo dira. Laguntza eskatu dute. Zergatia ulertzen ez dago zaila.
Nortzuk dira protagonistak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu