Niko Iurramendi.
Arrauna. Liga. ARRANPLATIK

Ohiturak

2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Hizkuntza ohiturei buruz pentsatzen makina bat ordu pasatu izan ditudala esan, eta ziur ez dela inor harrituko. Baina azken larunbateko estropadan, jo eta su nenbilela, neure burua hizkuntza ohiturei buelta bat ematen harrapatu nuela esanez gero... Batek baino gehiagok pentsatuko du ea indarrik egiten ote dudan, edo arraunlari batzuei entzun izan diedan bezala: «Pentsatu gabe egin beharra zagok arraun, bestela, atzetik joango haiz eta!».

Horri guztiari buruzko hausnarketa lagun batek piztu zidan lehengo astean. Estropadaren minuturen batean, zein minutu zen ez dut gogoan, trainerua egoki zebilela antzeman, eta «¡Sigue!» esan nuen, momentua luzatzeko asmoz. Bospasei paladaren ondoren, «segi!» esatera pasatu nintzen. Lehorreratzean, bi letra tokiz aldatze hutsarekin erabili nahi eta ohi dudan hizkuntzan nenbilela ohartu nintzen.

Arraunean erabiltzen ditugun hitz eta izaten ditugun solasaldi asko eta asko gazteleraz izaten dira. Arraunean erabiltzen den hizkuntza teknikoa, orokorrean, gazteleraz da. Beraz, badugu zertaz egin gogoeta...

Gazteleraz erabili ohi ditugun hitz gehienak badute euskarazko hitza. Are gehiago, euskaraz itsasoarekin loturiko hiztegi zabal eta polita dugulakoan nago.

Denboraldiko azken txanpan sartu gara dagoeneko, eta gauza denak pil-pilean daudela iritsi gara irailera. Uda berezi eta arraro honetan, ohitura asko aldatu behar izan ditugu guztiok; ea beste ohitura batzuk aldatzeko ahalegina ere berdin egiten dugun. Tartean, hizkuntzarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.