Pena da Abelek ezin finala jokatzea. Hain txapelketa luzea izan ondoren finala astebete edo hamabost egunez ez atzeratzea ez zait bidezkoa iruditzen. Enpresek arrazoi ekonomikoengatik direla esan dute, baina ez dute uste atzerapenak hainbesteko kalterik eragingo zuenik. Atzera zitekeela uste dut, pentsaezina zen ez atzeratzea. Abel hurrengo astean agian ez legoke jokatzeko moduan, eta enpresaren erabakia ez da erraza, baina merezi zuen. Pena da, era berean, txapelketa bat hala bukatzea, polemikak eztanda eginez. Hori bai, ez dezatela arautegia aitzakiatzat erabili, nahi duten bezala erabili izan baitute.
Pena da finaleko zutabea finalean ariko ez denari buruz hitz egiten aritzea ere. Egun batetik bestera Beroiz gaztea bihurtu da protagonista, eta nik berarengan sinesten dut. Pilotari segurua da, eta oso sasoi onean dago. Beste edozein partida balitz, ez nuke zalantzarik izango, baina final bat da... Litekeena da azken egunetan lo gutxi egin izana, eta zirimolatik kanpo gelditzea zaila da. Gakoa bere hasiera izango da: ondo hasten bada, urdinek asko daukate irabazita. Dena den, ezin dugu ahaztu Beginoren lehen finala dela ere. Eskarmentu handiagoa du, baina ikusteko dago kirioei eutsiko dien.
Aurrelariekin zalantza gutxiago ditut. Olaizolak berea emango du, eta ondo jokatuko du, belaunaren erruz oraindik bete-betean ez dagoen arren. Ez du kale egingo. Xalari buruz... Izen gutxiagoko atzelari batekin aritzeak mesede egingo diola uste dut. Benetan diot, jokoan gehiago sartzera eta ausartago jokatzera behartuko baitu, eta horrek mesede egingo dio. Txapelketan bikain jokatu du.
Iragarpenekin hasita, eta apustu egitera behartuko banindute, Xala-Beroizen alde egingo nuke, baina oso zaila da esatea: bi atzelarientzat lehen finala da, 3.000 ikusle... Irabazten dutenek irabazten dutela, zoriondu ahal izango ditut, Bilbon egongo naizelako gaur, irrati esatari. Beraz, kazetari artean aurkituko nauzue.
Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala. Analisia
Pena izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu