mikel reina
Hirukotik

Play

2024ko apirilaren 16a
05:05
Entzun

Gaur da eguna. Gaur jokatuko dute talde askok, besteak beste Baskoniak, denboraldia. Ez bakarrik Euroligan, baita NBAn ere. Beste batzuek, ordea, dagoeneko egina dute ia sasoia. Euroligak NBAko kanporaketen formatua baliatuko du gaurtik aurrera, eta kanporaketak jokatu aurreko lehiak izango dira. NBAn ere kanporaketa horiek jokatuko dituzte.

Bideokontsola

Hain zuzen ere, bi ligetan gaur hasiko dituzte hil ala biziko lehia horiek. Talde batzuek partida batean edo bitan jokatuko dute urteko esfortzu eta lan guztia. Krudela da, baina horrela da. Hori bai, formatu berriarekin, zortzi taldetik hamarrera pasatu da kanporaketetan sartzeko lehia.

Baskoniak bi aukera izango ditu final-laurdenetan sartzeko. Gaur irabaziz gero, final-laurdenetan izango da. Euroligako zortzi talde onenen artean sartuta, denboraldiko helburua beteko luke Dusko Ivanovicek. Badirudi ACB ligako lehia bigarren mailan utzi dutela sasoi honetan. Hori bai: arriskutsua ez, baina gogorra izango litzateke denboraldi berean Espainiako Kopatik eta liga irabazteko kanporaketetatik kanpo geratzea. Baina, egia esanda, gaurkoa da gasteiztarren sasoiko partida. Kantxa faktorearen eragina, gainera, gutxitu egin da, Maccabi aurkari izanda. Izan ere, Tel Aviven jokatu beharrean, Belgraden jokatuko dute gaurko partida: Stark Arenan, hain zuen. Harmailak hutsik egongo dira.

Lehen aukera baliatu beharrean daude arabarrak, bigarrena gogorragoa izan daitekeelako, batez ere Anadolu Efes egokitzen bazaie. Behintzat, Buesa Arenan jokatuko litzateke bigarren partida. Baskonia itxura desberdina emateko gai da, ez bakarrik egun batetik bestera, baita partida berean ere. Markus Howard bezalako jokalari bat izateak hori dakar: edozer egiteko gai da. Marquetteko unibertsitatean jokatzen zuenean ezagutu, eta txundituta utzi ninduen. Asko poztu nintzen Gasteizera heldu zenean, baina ezta ametsik ederretan ere ez nuen pentsatuko horrelako maila erakutsiko zuenik. Eta batez ere, azkenaldian, halako erregulartasunarekin egingo zuenik. Bideojokoetako jokalaria da, Play bideokontsolakoa. In sakatu besterik ez da behar.

In

Hori bera egingo dute NBAko jokalari gehientsuenek: lehiatzeko moduan jarriko dira. Kosta zaie. Orain hasiko da benetako NBA. Orain hasiko da gaueko ordu txikietan altxatzeko garaia. Mendebaldean, Pelicans-Lakers eta Kings-Warriors izango dira lehiak; ekialdean, berriz, Sixers-Heat eta Bulls-Hawks. Mendebaldekoa izan da beste behin konferentziarik gogorrena: azken jardunaldian erabaki zen lehen postua, historian lehen aldiz. Azkenean, Thunderrentzat izan da lehen postua, Nuggetsekin berdinduta.Timberwolves garaipen bakarrera geratu da. Sunsen aurka jokatu dute otsoek. Ikusgarria izango da Mavericksen eta Clippersen artekoa ere. Agian horregatik jartzen dute Celtics faborito, kanporaketen gogortasunagatik. Ligako inoizko markarik onena lortu du: 64 irabazi, eta 18 galdu. Knicks izan da bigarrena mendebaldean, eta Bucks hirugarrena. Horrenbestez, Pacersen aurka jokatuko du azken horrek. Ziurtatuta dagoen beste kanporaketa Cavaliers-Magic da.

Marka da

Dagoeneko ziurtatuta dauden beste gauzetako bat: emakumezkoen Ardoi taldeak Espainiako Ohorezko Mailara igotzea lortu duela. Duela hamalau urte igo zen Nafarroako azken taldea gorenera: Obenasa. Igoera hura eta oraingoa bizi izan ditu Maria Asurmendi joko antolatzaileak, ibilbide luze eta arrakastatsuaren seinale. Talde hura, ordea, hiru urte pasatu eta gero jaitsi bakarrik ez: desagertu egin zen. Igoera hori bulegoetan erabat gauzatzea falta da bakarrik, jauzia handia baita. Erabat ziurtatuz gero, lau euskal talde izango genituzke datorren denboraldian lehen mailan: Ardoi, Gernika, IDK eta Araski. Marka da gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.