Danel Agirre.
SASKI DA!

Prezio berezia, zu zarelako bakarrik

2016ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Jokoa ikastearen mito hura. Joan den urtean Sevillarekin zituenak baino dezentez zenbaki oparoagoak ari da erdiesten Kristaps Porzingis bizargabea New York Knicksekin. Giannis Antetokounmpok Greziako bigarren mailatik Milwaukee Bucksera egin zuen zuzenean salto, bere fitxaren jabe zen CAIrekin debutik ere egin gabe. 21 urterekin ia hamasei puntu eta zazpi erreboteko batez bestekoak ditu. Ikasgaia goibela da Europako saskibaloiarentzat: bideragarria da NBAra ia eskarmentu gabeko nerabe zela iritsi, lehenbiziko egunetik protagonista izan, eta trebakuntza prozesua han bertan burutzea. Dirk Nowitzki eta Tony Parkerren antzeko aurrekariak ere hor baitaude. Euroligan ofizioa ikastea komeni delako kondaira, izan ere, horixe da, kondaira bat. Ez dago inongo korrelaziorik bi kontinenteetako errendimenduaren artean, eta logika osoa du agenteek gaztetxoei NBAra ahal bezain bizkor egin dezaten kaskoa berotzeak.

Lanpostu ez hain finkoak. 2010ean New Jersey Netsen akziodun nagusi bilakatu eta gero, frankizia Brooklynera aldatu eta milioiak konfetia balira bezala xahutu ditu Mijail Projorov oligarka errusiarrak. Adimenik batere erabili gabe, oligarka errusiarrek bakarrik dakiten moduan. Taldea inora ez doanaz ohartu, eta entrenatzailea eta kirol zuzendaria kaleratu berri ditu. Ondoren, Projorovek ordezko posible gisa Kentuckyko Unibertsitateko John Calipariren profila aztertu duela zabaldu da. Hitzarmen oso eskuzabala du hark bere ikastetxearekin —hala izan ohi da NCAAko izen handienen kasuan—, eta Netseko lanpostuak egonkortasun handirik izatearen trazarik ez duenez, sinatuz gero blindatuta nahiko lukeen diru kopurua iradoki omen du: 120 milioi dolar. Caliparirengan sekula interesik ez duela izan dio orain bat-batean Brooklynek. Hain zen burugabea ustez eskatutako kontratua, ia ezinezkoa dena lortu du. Oligarka errusiar bat diru kontutan beldurtzea.

Ikuskizuna, arrastaka bada ere. Pare bat astez harmailan nahi lukeen prestatzaile fisikoaren iritziaren aurka, berak garrantzitsutzat jotako lehiak jokatzen ari da Kobe Bryant, eta besteetan atseden hartzen. Byron Scott Lakersen entrenatzailearen konplizitatearekin, eskoltaren agur bira delako frankiziaren helburu bakarra sasoi honetan. Bryanten apetek eta haren prima donna jarrerak bahitua dute taldea. Jarrera onuragrriagoa balu, etorkizuneko Lakersak egituratzen lagun lezake. Baina inork ez du hori nahi Los Angelesen, zuzendaritzak berak ere ez. Ikuskizuna pattal askoa, baina errentagarria izaten ari da oso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.