mikel reina
HIRUKOTIK

Superligak

2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Elitismoa. Behin baino gehiagotan esan dut Hirukotik zutabean: saskibaloia futbolzazio prozesuan sartu da. Baita kontrako bidean ere. Alderik txarrenetarikoan akaso. Europako futbolean Superligaren sorrera indartzen ari da, baina saskibaloian 2000. urteaz geroztik badago liga pribatu eta itxi bat: Euroliga. Ez dira kirol emaitzak kontuan hartzen, dirua da jabe bakarra. Baskonia, esate baterako, A lizentzia famatua duen hamahiru taldeetako bat da. Alba Berlinek, Bayern Munichek eta Asvel Villeurbannekere epe erdirako bereak sinatuak dituzte.

Euroligaren bide bera hartu nahi du bigarren txapelketak: Eurokopak. Elitismo hau indartu nahi du datorren denboraldirako. Lehen proposamenaren arabera, gehienez hamasei taldek jasoko lukete hiru urterako lizentzia. Gutxienez lau gonbidapen banatuko lirateke denboraldiko kirol merituengatik. Hogei taldeko txapelketa bat jokatuko litzateke: hamarreko bi multzotan ariko lirateke liga erregularrean, eta multzo bakoitzeko aurreneko laurak sailkatuko lirateke hurrengo faserako. Gero, kale edo balekoak izango lirateke kanporaketa denak, hau da, partida bakarrera. Hori eginez, iraunkortasuna lortu nahi duzu, baina, aldi berean, hilabete askoko lana eta emaitzak lehia batera murrizten dituzu.

Izen-abizenak. Epe luzerako lehen lizentzietako batek izen-abizenak ditu: Valentziak jasoko du. Roig familiaren proiektuak oso zail dauka datorren sasoian Euroligan parte hartzea, nahiz eta azken unean geratu den final-laurdenetatik kanpo. Haren lekua, aurrera egin duen Zenit San Petersburgok hartuko duela dirudi. Falta den beste lekua ekialdeko ABA Ligako txapeldunarentzat izanen da: Izar Gorria da faborito nagusia. Eurokopatik Monako eta Unics Kazan batuko zaizkie. Hala, Eurokopako finalean ariko diren bi talde horiek garaikurra bera baino sari hobea jasoko dute.

Ez da amaitu Euroligako sasoia, eta jada hurrengoa dago prest. Onena, lehia, gaur hasiko da, final-laurdenetako kanporaketekin. Bartzelonak Lauko Finalean sartu nahi du, azken aldiz hori lortu eta zazpi urte geroago. Azken bost sasoietan bertan egon eta irten nahiko ez dutenak CSKAMosku eta Fenerbahce dira. Milan ez da inoiz Euroligaren aro modernoko lau talde onenen artean sartu; azkenekoz, duela 29 urte lortu zuen. Bayern Munich, berriz, estreinakoz arituko da.

Antzekotasunak. Oso bestelakoak dira kontuak emakumezkoetan. Edo ez. Badaude kirol orotan mantentzen diren aldagaiak. Berdin dio futbola, saskibaloia edo txirrindularitza izan. Kapitalismoan diruak agintzen du betiere.Jekaterinburgek irabazi zuen hirugarrenez jarraian Euroliga, herenegun, Istanbulen (Turkia). Errusiako taldea da munduko onena, baita AEBetako WNBA kontuan hartuta ere. Jokalaririk onenak bildu ditu bertan, all star baten gisan: Breanna Stewart, Emma Messeman, Britney Grinner, Alba Torrens, Alli Quigley, Courtney Vandersloot, Jonquel Jones... Supertaldea da.

Nahikoa egin zuen Roberto Iñiguez de Herediaren Perfumerias Avenidak partidan bizirik irauten. Gasteiztarrak ospe handia dauka Europako aulkietan: sasoiko entrenatzaile onena izendatu dute. Zazpi aldiz jokatu du Lauko Finala, baina bakarrean gailendu da: 2012an, Ros Casaresekin.

Talde horren errautsetatik sortu zen gaur egungo Europako proiekturik handienetako bat: Valentzia. Joan den igandean Eurokopako finalean Veneziari81-82 irabazi zion. Segundo bakarraren faltan, Raquel Carrerak bi jaurtiketa libre sartu zituen, eta klubak haren historia laburreko lehen garaikurra altxatu zuen. Fonteta pabiloitik joan ziren jokalarien itzuleraren aldeko apustua indartu dute. Cristina Ouviña, adibidez. Harribitxia, ordea, Carrera gaztea da. Ondo dakite Gasteizen, Araskin aritu baitzen aurreko sasoian. 19 urterekin, draft-eko hamabosgarren postuan aukeratu du Atlanta Dreamek.

Europako lehiaketetako Lauko Finalak jokatu ondoren, berriz jarriko dira martxan ligako kanporaketak, duela bi aste geratu ziren une berean, finalerdietan. Lointek Gernika Bizkaiak eta Perfumerias Avenidak etzi gauean jokatuko dute joanekoa, Malosten. Itzulikoa, berriz, igande gauean jokatuko dute, Salamancan (Espainia). Valentzia eta Gironak, berriz, bihar eta larunbatean ariko dira nor baino nor gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.