Egunen batean, asperraldiak jota, zer egin ez jakin eta burujanean hasi zen Hein Verbruggen, UCIko burua. Txirrindularitza krisialditik ateratzeko proiektu bat bururatu zitzaion: Pro-Tour Liga. Krisia zegoela Verbruggenek berak eta bere laguntzaileek asmatu zuten, noski, eta jakina, krisitik ateratzeko bidea ere eurek finkatu dute, nahierara. Talde onenak bilduko zituen izarren Liga bat sortuko zuten. Talde onenekin, txirrindulari onenekin, proba onenekin, eta proba horiek telebista kateek eskainiko zituzten, eta dirutza eman horregatik, eta inbertsio handiak erakarri, eta txirrindularitza munduan barrena hedatu, Malaysiara, Australiara eta batek daki beste zein zokotara. Dirua, dirua eta dirua!
Pro-Tour entzutetsua hastear dagoela, krisiak, iskanbilak berak irentsi du Pro-Tour Liga. Ligaren sorkuntzak berak eragin du nahasmena, eta ez du urrian finkatutako helbururik bete. Kirol merituengatik Ligan lekua edukitzea merezi zuten zenbait talde Ligatik at geratu dira. UCIk, txintik esan gabe, 100.000 euroko bermea jarri duten taldeei, eta taldeen bideragarritasun ekonomikoa ziurtatu duten babesleei eman die lehentasun osoa. Kexatu direnak popatik hartzera bidali ditu. Diplomaziarekin, hori bai. Phonak kanporatu egin zuten kode etikoa ez betetzeagatik, baina onartu egin behar izan du Suitzako taldea Kirol Arbitrajeko Epaitegiak horretara behartu ostean. Verbruggenek iragarritako milioi euro askoko kontratua ez da inondik agertzen.Zer esan Ligako proba izango diren 27 lasterketetako hautaketari buruz. Kanpoan utzi zuten Euskal Bizikleta. Verbruggenen argudioa: «Euskal Herriak bi proba ditu Ligan. Nahikoa da». Gezurra. Alemania eta Poloniako itzuliei lekua egin diete. Verbruggenen argudioa: «Txirrindularitza herrialde gehiagotara hedatu behar da». Gezurra. Interes ekonomikoengatik egin diete lekua. Zergatik dute ziurtatua postua 20 taldeek lau urtez, maila galtzeko arriskurik gabe? Diruagatik. Krisirik ez dagoen leku bakarra, hauxe: Verbruggenen poltsikoa.
ANALISIA
Txin-txin, txin-txin, Verbruggenen hotsa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu