TXIRRINDULARITZA. Denak ados behingoz

Iban Maioz.
2009ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Badakit herenegungo etapa ez jokatzeak hautsak harrotu dituela. Halere, erabaki zuzenena hartu zela uste dut. Milango zirkutua oso-oso arriskutsua zen, egia esan. Oso egoera onean ez zeuden harbide zatiak zituen, tranbiaren errailen gainetik pasatzen ginen, zintarriak, tarteka autoen zirkulazioa zegoen kontrako norabidean, pibote batzuk... Irabazteko baino gehiago zerbait galtzeko arriskua genuen txirrindulariok. Hobe ezbeharren bat saihestea...

Gainera, gure oroimenean fresko-fresko zegoen oraindik ere Pedro Horrillori bezperan gertatu zitzaiona. Horrek jendea sentsibilizatu zuen, baina erori izan ez balitz ere etapa berdin-berdin ez litzateke jokatuko. Hori uste dut.

Nahiko azkar hartu zen erabakia, zirkuituari bigarren itzulia eman eta gero. Horrelakoetan taldeetako liderrak eta sailkapenean muturrean daudenak biltzen dira. Tropelaren buruan jarri ziren, eta den-denok zain geratu ginen erabakia hartu arte. Horrelakoetan inor ez da mugitzen. Nik uste dut Danilo di Lucak berak bultzatu zuela etapa ez jokatzearen erabakia. Gainera, Armstrong bera ados zegoen, beraz, aurrera. Behingoz ados jarri ginen txirrindulariok. Bada zerbait. Dena den, Italian askoz ere hobeto mugitzen dira horrelakoak egiteko. Botere gehiago daukate lasterketetan. Antolatzaileei ez zitzaien erabakia gustatu, baina, azken finean, gu gara bizitza arriskuan jartzen dugunak.

Antzeko gauza bat gertatu zitzaidan nire aurreneko Giroan, 2006an. Plan de Corones (Kronplatz) igo behar zen, baina gainean elurra ari zuela-eta, ez igotzea erabaki zen tropelean, eguraldi horrekin eta bidea nola zegoen ikusita ezin baitzen txirrindularien segurtasuna bermatu. Alde horretatik, asko daukagu ikasteko italiarrengandik.

Lehen atseden eguna eduki genuen atzo, eta pare bat orduko entrenamendua egin genuen eguerdian. 60 bat kilometro. Eta gaur etapa luzea, oso-oso luzea jokatuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.