Asteazkenean heldu ginen Veneziara, eta hegazkinean gindoazela Alpeen eta Dolomiten gainetik pasatu ginen. Elurtuta zeuden menditzar horiek, eta ederra izan zen horiek goitik ikustea. Beste batzuetan ere pasatu izan naiz mendikate horien gainetik hegazkinean, baina gauez edo zerua lainotuta zegoenean. Horregatik, esan dezaket asteazkenean zortea eduki nuela, ikusgarriak baitira. Emozioaren antzeko zerbait sentitu nuen. Hori bai, taldekideen artean zera esan genuen: «Orain goitik ikusten ditugu, baina gero mendi horietan behetik gora egitea tokatuko zaigu!»
Bueno, aurten ez gara Dolomiten bihotzean ibiliko, baina igoko ditugu hango mendate batzuk. 2006an ere Giroa korritu nuen, eta argi eta garbi esan dezaket mendate gogorrenak direla; gogorrak eta luzeak. Eta odol-xurgatzaileak ere gogorrak dira. Herenegun goizean egin ziguten errutinazko bisita. Arratsaldean, berriz, lasaiago ibili ginen. Taldeen aurkezpena egin zen Veneziako San Marko plaza mitikoan, eta gustura.
Gauza batek eman dit atentzioa. Aurkezpenetara edo etapa hasieretaraautoz edo autobusez joaten gara; hemen, berriz, Venezian, vaporetto izeneko ontzi batean joan beharko dugu. Badakizue nolakoa den Venezia... Eta gaurko erlojupekoa Lidoan jokatuko da. Veneziatik bertatik 500 bat metrora dagoen uharte txikitxoa da Lidoa. Hara ere vaporettoan!
Ikusgarria da Giroak mugitzen duen guztia; are gehiago mendeurrenean. Vaporettoan, Giroa jarraitzera Argentinatik etorritako argazkilari batekin topo egin dugu, baita AEBetatik gauza bera egitera etorri den koadrila batekin. Jendeak oporrak hartzen ditu Giroa ikusteko. Txirrindularitzarekiko sekulako afizioa daukate hemen. Euskal Herrian ere bai, baina hemen beroagoak edo dira.
Lance Armstrong hemen dabilela diote, baina oraindik ere ez dut ikusi. Tira, gu gurera. Ezequiel Mosquerarik gabe, etaparen bat irabazten ahaleginduko gara.
TXIRRINDULARITZA. Ederrak dira Dolomitak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu