Aurten ere iritsi da Giroa, eta egia esan zozo samar hasi dela esan beharra daukat. Atzoko aurkezpena tristea izan zen. Sala batean sartu gintuzten, eta jende gutxi sartu zen bertan. Gu lasai egon ginen, baina ez dakit ba, horrelako aurkezpenak kalean eginda giroa askoz hobea izaten da beti.
Hirugarren Giroa dut aurtengoa, hirugarren taldearekin. Hiru egun pasatu ditugu dagoeneko Herbehereetan, eta lasterketa hasteko gogoa daukagu, egun hauek aspergarri samarrak izaten direlako. Goizean pixka bat entrenatu, eta arratsaldean hotelean sartuta egon. Lasterketa hasitakoan egunak azkarrago igarotzen dira. Ez dugu entrenatzerik izan gaurko erlojupekoko ibilbidean, zirkuitua ez zegoelako itxita. Baina gaur goizean joango gara ikustera. Ondoren bazkaldu, atseden hartu eta 15:35ean irtengo naiz ni.
Euskaltel-Euskadi, Xacobeo-Galicia eta Footon-Servettorekin etorri naiz Girora, eta, egia esan, hiruren artean ez dago alde handirik. Taldeburu argirik gabe eta talde gaztearekin aritu izan gara aurreko bi aldietan ere, eta aurten ere etapa bat irabaztea da helburua, nahiz eta Eros [Capecchi] oso ondo dagoen. Hori bai, aurreko bi Giroetan lurretik bueltan ibili nintzen, eta ea aurten zorte hobea daukadan. Azken asteko etapei gainetik begira aritu naiz lehen, eta egia esango dizuet: beldurra ematen dute!
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Zozoegi hasi da Giroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu