Jaitsiera postuak urruti daude, oso urruti. Zazpi jardunaldi besterik ez dira falta liga amaitzeko, eta bederatzi puntura dauka Realak zulo beltza. Txuri-urdinek erabat gaizki egin beharko lituzkete lanak denboraldia sufritzen amaitzeko. Baina donostiarrek daukaten oreka falta ikusita, hobe izango da helburua lehenbailehen lortzea. Etxean nahikoa seguru ari da Reala, azken sei partidetatik bost irabazita, eta aukera ona dauka gaur Betisi irabazi eta 40 puntuko langara iristeko. Zaragoza, Racing eta Sportingen egoera aztertuta, ia-ia nahikoa litzateke kopuru hori beste denboraldi batez Lehen Mailan jarraitzeko.
«45 puntu lortzea da helburua». Philippe Montanier Realeko entrenatzailea esan eta esan ari da ezin direla lasaitu kopuru horretara iritsi arte. Eta antzera hitz egin zuen atzo ere. «Helburutik gertuago egoteko aukera ona daukagu», hasi zuen hausnarketa. Baina, hori bai, Betisen aurkakoa ez dela hil ala bizikoa izango ere gaineratu zuen. «Anbizioa behar dugu. Partida guztiak bete-betean jokatu behar ditugu, ahalik eta puntu gehien lortzeko». «Talde on eta arriskutsu» gisa definitu zuen Montanierrek Betis. «Teknikoki oso jokalari onak dira».
Etxetik kanpo bost partida jarraian galduta, frantziarrak ontzat eman zuen Espanyolen aurkako berdinketa. «Argi dago 20. minuturako 0-2 irabazten hasita, itxaropen handia geneukala. Baina Espanyol talde ona da bere etxean, eta bigarren zatia zaila izan zen». Etxeko berotasunean erosoago ari dira txuri-urdinak denboraldi honetan, nahiz eta gaurko jokalari dezente dauden min hartuta edo zigortuta. Atzealdean Iñigo Martinez eta Demidov lesionatuta daude, eta Mikel Gonzalez itzuliko da hasierako hamaikakora. Montanierrek deialdian sartu zuen atzo arrasatearra; Ansotegi ariko da haren alboan.
Bravoren zalantzarekin
Atepean Zubikarai edo Bravo ariko da. Realak helegitea jarri die Muñiz Fernandez epaileak Espanyolen aurkako partidan Bravori ateratako bi txartel horiei. Gaur bilduko da Lehiaketa Batzordea, eta txartel horietako bakar bat ere kenduko ez baliote, Diziplina Batzordera joko luketela argitu du Donostiako klubak. Bide hori hartuz gero, Betisen aurka ez, Malagaren aurka beteko luke partida bateko zigorra txiletarrak; zigortuz gero, noski. Azken orduan argituko da dena. Montanier ez dago arduratuta, hala ere. «Jokalari jakin bat baino garrantzitsuagoa da taldearen indarra. Beste atezain batzuk ere badaude, baita beste aurrelari eta erdilari batzuk ere». Lehen taldeko hiru atezainak sartu zituen deialdian —Pardo kanpoan geratu zen, gaixorik baitago—.
«Partida gehiago ez galtzea» da frantziarraren helburua. «Rayo eta Espanyolen aurka dinamika onean sartu gara, eta ea denboraldia oso indartsu amaitzeko gai garen». Vela dabil oso indartsu azken partidetan, eta, ezusterik ezean, hasieratik ariko da gaur, Xabi Prieto edo Griezmannen kaltetan. Agirretxe ariko da aurrean.
«Anbizioa behar dugu»
Gaur iluntzean Betisi irabaziz gero, Realak esku-eskura izango du mailari eusteko helburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu