Taldekideen lana dotore baliatuta, Andre Greipelek (Lotto) irabazi du Tourreko seigarren etapa, esprintean, Peter Sagani (Cannondale), Marcel Kitteli (Argos) eta Mark Cavendish (Omega) baino biziago ibilita. Cavendish erori egin da helmugara iristeko hamahiru bat kilometro falta zirela eta ezinean ibili da gero. Tropel nagusia zatituta iritsi da, eta, horren eraginez, Daryl Impey hegoafrikarra (Orica Greenedge) jarri da lider. Etapari dagokionez, Tourrean beti kostatu izan da asko ihesaldiak gorpuztea, baina Luis Angel Matek (Cofidis) pedalei eragiten hastearekin batera lortu du aurrera joatea. Bakar-bakarrik joan da, ordea, eta, bost minututik gorako aldea lortu arren, berehala jabetu da ez zeukala zeregin handirik. Helmugara iristeko 132 kilometro falta zirenean harrapatu dute espainiarra, eta haizearen beldurrez ibili dira talde guztiak tropel buruan erritmoa bizituz. Erroketa dezente izan da, Nairo Quintana (Movistar), Joaquim Rodriguez (Katuxa), Bauke Mollema (Belkin), Mark Cavendish (Omega) eta Janez Brajkovic (Astana) tartean, eta azken horrek hartu du kolperik handiena. Minutu asko galdu ditu helmugan eta ikusi egin beharko da bihar etapari ekiteko moduan den edo ez. Montpellier eta Albi artean, zazpigarren etapa jokatuko da bihar, 205,5 kilometrokoa. Laugarren mailako koska bat, hirugarren mailako bi, eta bigarren mailako bat daude tartean, baina, ondo bidean, esprinta izango da berriz ere.
Txirrindularitza
Andre Greipel, oso eroso
Andre Greipel alemaniarrak (Lotto) irabazi du Tourreko seigarren etapa, Peter Sagani (Cannondale), Marcel Kitteli (Argos) eta Mark Cavendishi (Omega) aurrea hartuta. Daryl Impey hegoafrikarra (Orica) jarri da lider.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu