Mark Cavendishen (Sky) izena zeukan Italiako Giroko 18. etapak, San Vito di Cadore eta Vedelago artekoak. Baina italiar gazte batek urrundu zuen Man uhartekoa Giroko azken esprinteko garaipenetik eta, ondorioz, erregulartasuneko maillot preziatua irabazteko aukeratik. Talde lan ona eginda, tropela ondo luzatuta, errematea ematea bakarrik geratzen zitzaion Cavendishi azken zuzengunean. Baina askoz potentzia handiagoarekin egin zuen Guardinik atzetik aurrerako lana. Bakoitzak atera ditzala ondorioak italiarrak nola igo dituen aste honetako mendatetzar gehienak. Cavendishek argi zeukan behin helmugako marra igarota.
Dolomitetako hiru etapa gogorren erdi-erdian, esprinterrentzat zen aproposa atzoko etapa, eta hegan ibili zen tropela. Azkar sortu zen lau laguneko ihesaldia —Manuele Boaro (Saxo Bank), Pier Paolo De Negri (Farnese), Angelo Pagani (Colnago) eta Stef Clement (Rabobank) joan ziren aurrera—, baina tarteko helmugako puntuak nahi zituen Cavendishek, eta gogotik lan egin zuen Skyk. Behin puntuak pilatuta, sortu ziren beste ihesaldi batzuk ere, Lars Ytting Bak (Lotto) eta Mickael Delagena (Francaise des Jeux) azkena. Baina esprinterrak ez zeuden prest Giroko azken aukera galtzeko. Zalaparta sortuko du Guardiniren garaipenak.
Txirrindularitza. Italiako Giroa
Andrea Guardinik irabazi du Giroko azken esprinta
Kontrol lan ona egin du Sky taldeak, baina Mark Cavendish baino nabarmen hobea izan da gero italiar gaztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu