Osasunak merezi baino gutxiago lortu du gaur Almeriaren aurka. 0-1 galdu du, baina gutxienez puntu bat lortzeko adina egin du. Ez hainbeste jokoaren maila edo argitasunarengatik, baina bai behintzat lan eta gogoarengatik. Emaitza gogorra da, gorritxoak jaitsiera postuetara itzuli baitira.
Almeria bost atzelariko lerroarekin zelairatu da Sadarren, kontraerasoren bat ehizatzeko asmoz. Baloia Osasunaren oinetan utzi du eta agerian gelditu da Iruñeko taldeak gola sartzeko duen ezina. 0-0 bukatu beharreko partida, baina, 0-1 bukatu da, Andres Fernandez Osasunako atezainak huts larria egin duelako 17. minutuan. Korner itxi batean baloiak ihes egin dio eskuetatik, Rodrik, adi area txikian, gola sartu du. Fernandezek makina bat aldiz salbatu du taldea, bada gaur bera irten da kopetilun zelaitik.
Hortik aurrerakoak Osasunaren nahi eta ezina izan dira. Almeria sendo mantendu da atzean eta gorritxoek behin eta berriz egin dute talka harresiaren aurka. Bigarren zatiko amaieran aukera gutxi batzuk izan dituzte, baina ez dituzte baliatu.
Historiarako geldituko da Jose Garciaren debuta, inoiz Lehen Mailan jokatu zuen Osasunako bigarren jokalari gazteena. 16 urte ditu eta 63. minutuan irten da zelaira. Ausardia eta gogoak erakutsi ditu, eta baita jokaldi bikaina egin ere, 87. minutuan. Area barrua sartu eta Almeriako atzelari bati gerria hautsi ondoren bere jaurtiketa gutxigatik joan da langatik gora. Sadarren kutun berria du