Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Andy handia

Andy Schleckek helmugarako 60 kilometro falta zirenean jo du erasoa, eta bakarrik sartu da Galibierko helmugan; halere, ez da liderContadorrek agur esan dio Tourrari, eta Evans bihurtu da irabazteko hautagai nagusi

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Loria askatasuna bezalakoa da: ez da ez jaso ez ematen, hartu egiten da. Ezin da beti zain egon, egun egokia iristen denean norberaren indarrean eta balioan sinetsi eta aurrera egin behar da. Andy Schleckek atzo mila aldiz errepikaturiko mantra izan zen, hortzak estututa eta asfaltoari begira. Tourra hankaz gora jartzeko eguna zen, bazeuden kilometroak, bazeuden mendiak... Adorea falta zen, eta indarra. Eta biak erakutsi zituen, lege zaharreko erasoa joz, elastiko horiaren bila. Txirrindulari zale beteranoek antzinako zuri-beltzeko argazkiak laztanduz xehetasun handiz kontatzen dituzten eraso horietako bat izan zen. Handia izan zen Andy: helmugarako 60 kilometro falta zirenean egin zuen aurrera, eta beste faboritoengandik ihesi igo zituen Izoard eta Galibier. Bakarrik iritsi zen helmugara. Aldea, baina, azkenean ez zen horiz janzteko modukoa izan; hamabost segundo gehiago falta izan zitzaizkion. Thomas Voecklerrek (Europcar) jarraitzen du buruan, eta Cadel Evans (BMC) 1.12ra dago. Australiarrak, ordea, etziko erlojupekoa du. Alberto Contador (Saxo Bank), berriz, jokoz kanpo gelditu da, ia bost minutura.

Eroa eta heroiaren aldea ez da handia, eta ez soilik ortografikoki. Txirrindularitzan milimetro gutxiko amildegia dago bien artean, eta schlecktar gazteenak ondo ezagutzen du. Egunak zeramatzan bere jarrera zuhurrarengatik kritikak entzuten eta aurkariek apurka-apurka aldea nola jaten zioten ikusten. Hura, baina, zain zegoen, Alpeen granitoaren zain, bere mendeurrenean Galibier ahalik eta hobekien omendu ahal izateko. Burua hotz mantentzen ari zen, anaiaren babesean. Hotza da Schleck, eta arnas luzekoa. Eraso bortitzak ez dira haren ezaugarria, eta min egiteko kilometroak behar zituen. Eta atzo aurkitu zituen, Tourrari dinamita karga jartzeko adina.

Izoarden gora egin zuen eztanda Schleckek. Eztanda isila, baina sakona. Erasoa bainoago, erritmo aldaketa izan zen. Ordurako, eguneko ihesaldia eratuta zegoen, eta Leopard taldeak bi kide sartuak zituen, talde buruaren zain. Atzera begiratu gabe egin zuen aurrera Schleckek; helmugarako falta ziren 60 kilometroek ezta 2.000 metrotik gorako mendiek ere ez zioten zorabiorik eragin. Beste faboritoek utzi egin zioten ihes egiten. Ez zen surik egon hura ehizatzeko. Asfalto asko falta zen oraindik helmugara arte, eta libre utzi zuten.

Izoardeko azken hamar kilometroak txori baten antzera igo zituen Schleckek, erritmo biziari eutsiz. Goian 2.20ren aldea zuen faboritoekiko, eta Galibier ageri zen aurrean. Jaitsiera arriskutsua izan zitekeen, Schleck ez baita trebea maldan behera, baina Maxime Monfort (Leopard) zuen zain. Taldeko estrategiak emaitza ona eman zuen, eta kideak egin zituen zizeron lanak. Atzekoen lasaitasunak eta matematikek sailkapen nagusiko burua lortzea bazuela erakutsi zioten Schlecki. Ordekan Monfortek lan ona egin zuen, eta kideari aldea handitzen lagundu zion. Bosteko multzoa zen, ihesaldiko beste hiru kiderekin, baina Leopardeko bikoak jarri zuen erritmoa. Aldea handitu egin zen, Galibierko lehen aldapetan 3.40ko tartea irekia zuten liderraren multzoarekiko.

Evansen ardura

Schleckek ez zuen amore ematen, eta nekea ez zen ageri. Argi gorria faboritoen artean piztu egin zen, are gehiago helmugarako hamar kilometro falta zirenean iheslariak 4.25en aldea zuela jakin zutenean. Atzekoen erritmoak ez zirudien bortitzegia, eta ez ziren akordio batera iristen. Inork ez zuen buruan jarri nahi, indarrak ahitu eta kontra erasoaren beldur ziren. Voeckler eta Evans eztabaidan ari ziren, eta ez Ivan Bassok (Liquigas) ezta Alberto Contadorre ere ez zuten ardura hori hartu. Franck Schleckek, tartean, artaldea gertutik zaintzen zuen.

Ezinak irentsita, Evansek aldatu zuen erritmoa. Ordurako Schleck bakarrik zen aurrean, eta bien arteko jazarpen proba bilakatu zen. Inork gutxi utzi zuen atzean hasieran, faborito guztiak itsatsi baitzitzaizkion. Halere, eta eskatu arren, inork ez zion lekukorik eman. Australiarra indartsu dago, eta gaur denbora asko ez badu galtzen bera da irabazteko faboritoa 42 kilometro, erlojupean, asko direlako. Hortzak estututa apurka tartea jaten joan zen, baina beranduegi hasi zen.

Ahaleginaren zama nabaritzen hasi zen Schleck, laktosa pilatu zitzaion izterretan. Bost kilometro falta zirenean 3.20ren aldea zuen eta Evansek hankak berak baino freskoago zeuden. Voecklerrek aurrean jarraitzen zuen eta elastiko horiari eutsi ahal izango ziola sinesten hasi zen. Ordurako Samuel Sanchezek (Saxo Bank) tarte txikia galduta zeukan eta Contador estu zihoan. Bi espainiarren aukerak azken aldapetan desegin ziren, biek ezin izan ziotelako multzoaren erritmoari eutsi, eta4.42 eta 3.50 galdu zuten, hurrenez hurren.

Evans indartsu zihoan eta damutu zitzaion erritmoa goizago aldatu ez izana. Helmugan 2.15 galdu zuen Schlekiko, gaitz erdi. Bere aurretik sartu zen Franck Schleck, azken kilometroan aurrera egin ondoren.Voecklerrek, bere aldetik, etapa irabazi izan balu bezala ospatu zuen elastiko horiari eutsi izana. Atsekabea, berriz, Contadorrena izan zen. Gaur du miraria egiteko aukera, Galibierren eta Alpe d'Huezen, baina fedez urri dabil. Schlecktarrek, euren aldetik, zalaparta gehiago egongo dela aurreratu dute, horia begiz jota dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.