Aulkitik begira

Animikoa ez da amnesikoa

Aitor Manterola Garate.
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Valdanok esana (I). Futbolean ere lepo gainekoak eragina dauka. Batzuen ustez, erabatekoa, eta gainerako alor guztiak baldintzatzen dituela diote. Iritzi horren sustatzaile nagusia Jorge Valdano izan zen. «Futbola egoera animikoa da», bota zuen behin. Uste horren esparruan sartuko naiz bete-betean, ados egon edo ez, eta bide horretan barrena, baiezta daiteke Athletic, Reala eta Osasuna ondo uztartzen direla argentinarrak emandako definizioan.

Egoera ezaguna. Parean harrapatzen duen guztia hankapean zapalduz doa Athletic. Edozein izanik ere aurkaria. Oso bolada onean da, puntu pila batu ditu azken jardunaldietan, eta oso-oso gertu dauka Valentzia, laugarren sailkatua. Txapeldunen Liga ez da amets hutsa. Finkatu egin da taldea datorren denboraldian Europan aritzeko aukera ematen duten lekuetan. Larunbateko garaipen errazak leihoak gehiago ireki dizkie itxaropenei. Jokalari gazteak bikain aritzeak ere bizipoza hedatu du zaleengan. Eta piztu da taldeak zerbait handia egin behar duen ustea. Denak hasi dira sinesten. Neurri batean, gogora ekarri dit duela bi denboraldiko Espainiako Kopako ibili zoragarri hartako giroa. Eta orduan zer gertatu zen jakina da: handia egin zuen. Beste balentria handiren baten bezperan ote da Athletic? Orduan bezala, orain ere kluba osatzen duten guzti-guztien burua baietz esaten ari da.

Berriz ere motibazioa. Sekulako balentria egin zuen Osasunak Real Madrili irabazita. Oso gutxik lortua orain arte. Arnas estua sakondu zuten hiru puntuek. Baina berriz estutu zaio. Mallorcarekin puntu bakarra atera zuen joan zen larunbatean, eta sailkapeneko zuloan dauden ia denek irabazi egin zutenez, txarrera egin du Osasunak. Askoren galdera: nola liteke Real Madrili irabazi eta Mallorcari irabazteko gai ez izatea? Nire erantzuna: Real Madrili irabazteagatik Mallorcari irabazi egin behar zitzaiola uste izatea oker handia da. Camachoren erantzuna motibazio eskasiaren bidetik joan zen. Esan ziela jokalariei oso lehia garrantzitsua zela larunbatekoa, esan ziela berriz ere, baita hirugarrenez ere, baina alferrik izan zela. Sarri samar gertatzen zaizkio halakoak Osasunari. Ezagunak ditu horrelako egoerak, eta oraingoan ere, buruak ezetz esan dio nonbait.

Urteetako kontua. Beste behin ere, Realak oso partida txikia jokatu zuen bi talde handietako baten zelaian. Real Madrili punturen bat kentzea zaila zela jakitun izanda ere, beste zerbait espero zen Realaren aldetik. Oso eroso jokatu zuen Mourinhoren taldeak. Errazegi. Eta lau gol sartu zituen bezala sar zitzakeen beste sei. Ez da berria Realak hain eskas jokatzea halako neurketetan. Bigarren Mailara jaitsi aurreko denboraldi gertukoenetan ere berdintsu aritzen zen talde handienen zelaian. Ezinean. Eta ez da ezin duelako. Badago hor beste zerbait. Aldagela kanpotik barrura begira hitz egitea oso erraza dela jakinik ere, ematen du jokalariek ez dutela sinesten. Eta sinesten badute ere, oso txikia dutela fedea, lehen kolpea jaso orduko ezkutatzen den horietakoa. Hala bada, buruari buelta batzuk ematea komeni.

Valdanok esana (eta II). Hiru taldeen asteburuko jardunak banan-banan azaldu eta gero, esan daiteke Valdanoren definizioaren barruan sartzen direla Athletic, Osasuna eta Reala. Azterketaren lupa aurreko egoeretara begira jarri, eta lehengoak orain azaltzen zaizkiela nabarmena da. Delako egoera animiko hori ez da amnesikoa hiruren kasuan. Ez zaie ahazten. Athleticek ez du ahaztu nahi, jakina. Osasunak eta Realak, aldiz, ezin dute ahaztu, nahita ere. Ez dugu ahaztuko, hortaz, Valdanoren esana, berriz ere azaltzeko aukera eta arriskua gainean dutelako hirurek. Berarekin ados egon edo ez. Beste batean, horretaz jardun behar dudala ez zait ahaztu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.