Txirrindularitza

Anna Van der Breggen modu ikusgarrian izan da munduko txapeldun

Herbeheretarrak erasoa jo du helmugatik 39 kilometrora eta ia lau minutuko aldea atera dio Amanda Spratt bigarrenari

Anna Van der Breggen ahalegin betean, erasoa jo eta gutxira. CHRISTIAN BRUNA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko irailaren 29a
16:43
Entzun

Urte osoa egin du Anna Van der Breggenek munduko txapelketara begira. Egun bateko probetan ez du parekorik izan, Innsbrucken (Austria) zentzua hartu du urte osoko lanak. Herbeheretarrak erakustaldia eman errepide proban, eta nagusitasun harrigarriz irabazi du titulua. Ez da exagerazioa, helmugatik 39 kilometrotara erasoa jo eta bakarrik egin ditu zirkuituko azken bi itzuliak. Olinpiar txapeldunak 3.42ko aldea atera dio Amanda Spratt (Australia) bigarrenari, eta 5.26 Tatiana Guderzo (Italia) hirugarrenari.

Van der Breggenek palmares ikusgarria du. 2016an Olinpiar txapeldun izan zen, eta aurten Strade Bianche, Fleche Walonne, Liege–Bastogne–Liege eta Durango-Durango irabazi ditu. Italiako Giroa ere birritan irabazitakoa da, baina arantza zuen munduko txapelketarekin. 2015 txapeldunorde izan zen errepideko proban, eta hiru aldiz izan da bigarren erlojupeko proban —azkenekoz aurten—. Aurten atera nahi zuen, eta begi guztiak gainean izan arren, ez du parekorik izan Innsbrucken.

Munduko txapelketa 155 kilometroko ibilbide oso gogor batean jokatu da. Higatze proba gogorra, eta tropeleko beste kide guztiak behera egiten hasi direnean jo du erasoa Van der Breggenek. Helmugatik 39 kilometrora jo du erasoa, eta Amanda Sprattek bakarrik jarraitu ahal izan du. Ez luzaroan baina, Sprattek amore eman baitu handik gutxira. Van der Breggenena erasoa baino gehiago izan da, kilometroak pasa hala tartea handitzen joan baita. Ez du aurkaririk izan, eta historian gogoratuko den balentria horietako bat egin du. Atzean Sprattek ondo eutsi dio tarteari, eta horri esker lortu du zilarra. Probako emozioa hirugarren posturako lehian egon da, eta Guderzok lortu du azken kilometroetako ekinari esker. Italiarrak munduko txapelketetan lortzen duen laugarren domina da.

Euskal ordezkariei dagokienez, Eider Merino 34. izan da, 5.26ra, eta Ana Santesteban 53. 8.18ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.