Annemiek van Vleutenek are gehiago zabaldu du aldea Giroko erlojupekoan

Elastiko arrosak hegan egin du kronoigoeran, eta lau minututik gorako aldea du orain sailkapen nagusian. Esku-eskura du garaipena

Annemiek van Vleutenek are gehiago zabaldu du aldea Giroko erlojupekoan.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Handia gertatu beharko da Annemiek van Vleutenek (Mitchelton) bigarren urtez jarraian Italiako Giroa irabazi ez dezan. Herenegun erakustaldia eman zuen mendiko etapa gogor batean, eta atzo beste hainbeste egin zuen kronoigoeran. Hamabi kilometroko bakarkako jarduna zen, eta elastiko arrosak hegan egin zuen. Orain, lau minututik gorako (4.17) aldea du Anna van der Breggen (Boels) eta Katarzyna Niewiadoma (Canyon) bigarren sailkatuekiko. Lau etapa falta dira Giroa bukatzeko, eta, alde horrekin, liderra lasai ibil daiteke.

Van Vleutenek munduko erlojupeko txapelduna zergatik den erakutsi zuen Chiuro eta Teglio artean. Kronoigoera kutsuko bidea orduko 29,6 kilometrora egin zuen. Abiada handia al da hori? Bada, Van der Breggen (28,5 kilometro orduko) ez beste aurkari guztiek orduko bi kilometro gutxiagora bukatu zituzten lanak. Horren ondorio da hain tarte handiak lortu izana: 45 segundoko aldea lortu zuen van der Breggenekiko, 1.50ekoa Lucinda Brandekiko (Sunweb) eta 2.01ekoa Niewidomarekiko. Poloniarra haren aurretik irten zen, eta pasatu egin zuen. Eguneko anekdota Brandek utzi zuen, «estralurtar» deitu baitzion irabazleari. Euskal ordezkariak ondo aritu ziren. Ane Santesteban (Rotor) eta Eider Merino (Movistar) lehen hamaseien artean daude.

Gaur, 128 kilometroko etapa jokatuko dute Cornedo Vicentino eta San Giorgio di Perlena artean. Ofizialki hirugarren mailako hiru mendate daude ibilbidean, baina gorabeheraz jositako bidea da. Ihesaldia antolatzeko aproposa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.