Bi pertsona atxilotu zituzten iragan larunbatean Anoetan, Euskal Selekzioak eta Boliviak jokatutako partidan izandako istiluetan. Erne Ertzaintzako sindikatuak kritikatu egin ditu estadioaren segurtasun neurriak; esan du "segurtasun eta antolakuntza kaosa" izan zela, eta ertzainen bizitza arriskuan jartzea salatu du.
Hainbat ikuslek bengalak eta ke bonbak jaurti zituzten estadioan, partidaren lehen zatian. Aulki ugari ere apurtu eta bota zituzten. Erneren arabera, ikusle talde bat "antolatuta" zegoen liskarrak sortzeko, eta ertzainei ere bota zizkieten bengalak eta abar. Ertzaintza oldartu egin zitzaien estadioan bertan, eta atsedenaldirako baretu egin ziren liskarrak.
Ernek Segurtasun Sailari eskatu dio gertatutakoa argi dezan, "polizien segurtasuna arrisku larrian jartzeagatik eta antzeko gertakarietan jarduteko protokoloak ez betetzeagatik". Sindikatuak gaineratu du ikusle batzuek partidan zehar erakutsitako "pankartek eta adierazpenek" arrasto bat ematen zutela gerta zitekeenaz.