Merezita galdu du Realak Valentziaren aurka. Kontrarioak gehiago izan dira, eta bigarren zatian gol gehiago sartzeko hainbat aukera huts egin dituzte. Hala ere, txuri-urdinek eskura izan dute punturen bat urratzea, Willian Josek penaltia huts egin baitu 67.minutuan. Latok Pardori egin dio penaltia, eta Neto atezainak oinekin gelditu du aurrelari brasildarrak erdira eginiko jaurtiketa. Azken txanpan Realak gora egin du, baina nekea sumatu du eta Valentziak ondo kontrolatu du partida.
Asier Garitanok aldaketak egin ditu hamaikakoan. Moya atepean eta Illarramendi zelai erdian, biak hasieratik aritu da. Donostiako taldeak, dena den, ez du zorterik izan, Merinok hamabosgarren minutuan min hartu baitu. Realak jokoa sortzeko arazo handiak ditu eta gaur ere sumatu dira. Zelai erdiko borrokan Valentzia nagusi. Gola, halere, huts batean jaio da. Raul Navasek baloia galdu du eta Valentziak eraso bizia antolatu du. Cheryseven erdiraketa Gameirok bidali du sareetara.
Zalduak ere min hartu du, eta haren ordez Sandro irten da bigarren zatian. Garitanok eskema oldarkorrago bat zelairatu du, baina ez dio fruiturik eman. Lehen zatian bezala, Valentzia nagusi izan da zelai erdian, eta joko hori gabe Realeko aurrelariak baloi gose izan dira. Hala ere, penaltia eragin dute, partidaren norabidea alda zezakeen jokaldia, baina Willian Josek ez du asmatu.
Realak Anoeta berrituan jokatu duen hirugarren partida da eta garaipenik lortu gabe jarraizten du. Txuri-urdinak 11. dira sailkapenean eguneko beste emaitzen zain.