Mailari eusteko helburuan beste urrats bat egiteaz gain, Anoetako harmailetako giroa bizipozteko aukera izango du Realak, gaur, Vila-real ezezagun baten aurka. Anoetan bildutako gehienek estu hartu zuten Philippe Montanier Betisen eguneko azken minutuetan, taldearen gidaritzan nora ezean ikusi omen zutelakoan. Denboraldi amaiera lasaia izate aldera, gehienbat hurrengo sasoiaren egituraketari begira, entrenatzaileari buruzko eztabaida zenbat eta sosegatuagoa izan, orduan eta sakonago hartuko dute arnasa erabakiguneetan alde bateko zein besteko hautua egiteko.
Ez baita gauza bera izango helburua 40 punturekin lortzea ala, aurreko sasoiko zenbakiak gaindituta, 45 puntu baino gehiagorekin. Multzoaren benetako hazkundea aztertzerakoan osagai bat baino gehiago kontuan hartu behar diren arren, kopuruarenak pisu handia izango du, neurgailu objektibo bakarra den heinean. Bidezkoa izan edo ez, azterketa hori gainditzearen arabera emango dute entrenatzaile frantziarraren inguruko epaia ere.
1998-1999ko denboraldiaz geroztik, txapelketa irabazteko zorian egon zen urtea kenduta, Reala ez da gai izan 47 puntu baino gehiago biltzeko. Montanierren eskutik lortuko balu, ziur egon hari buruzko zalantzak ia errotik desagertuko liratekeela agintarien bulegoetatik. Gaurko lehia, beraz, eta ondorengoak, jakina, ez dira izango erabakigarriak hurrengo urtean Lehen Mailan jokatu ahal izateko soilik. Plangintzari eustea bera ere jokoan egon liteke.
Aste honetan, Ifran, Aranburu, Cadamuro eta Demidov berreskuratu ditu entrenatzaileak, baina, hasierako hamaikakoari orraztua emanda, soilik norvegiarrak izango du tokia. Ansotegirekin batera ariko da atzeko lerroko erdialdean, Mikel Gonzalez ordezkatuta. Arrasatearrak eta Iñigo Martinezek bikote sendo eta fidagarria osatu dute txapelketako zatirik nagusienean. Orain, berriz, itzalean egondako horiei dagokie hutsuneez ez hitz egitea. Eskarmentu handiko atzelariak izanik, presiopean erantzuten badakitela frogatzeko parada izango dute Ansotegik eta Demidovek.
Hortik aurrera, Montanierrek ez dauka zertan beste ezer moldatu. Elustondo-Illarramendi-Zurutuza hirukoarekin jarraitu nahi du liga amaitu arte. Ez dirudi Aranbururen eta Pardoren txanda izango denik; ez, behintzat, helburua lortu bitartean. Erasoan, berriz, Agirretxe itzuliko da, eta Griezmann edo Prieto ordezkatuko du, aurkariari min egiteko erreminta gogorra baita Vela orain. Bigarren itzuliaren hasieran jokatu zuen ongien Frantziako gazteak, baina ez dio eutsi pedal kolpe arin horri. Prietok, berriz, behetik gora egin du nabarmen, eta denboraldiko garairik gozoenean da. Horregatik, hamaikakoan jarraitzeko aukera handiagoa dauka donostiarrak.
Lotinaren zenbaki onak
Zubi azpitik ur asko igaro den arren, Miguel Angel Lotinaren izenak morboa pizten segitzen du realzaleen artean, haren aginduetara galdu baitzuen maila talde txuri-urdinak 2007an. Joan den urtean Deportivorekin Anoetara etorri zenean, arreta bereganatu zuen, eta beste hainbeste gertatuko da gaur. Montanierrentzat hobe, lasaiago egongo baita. Bi taldeentzat neurketa garrantzitsua da, baina ez da ahaztu behar Lotinak benetan emaitza onak eskuratu dituela Realaren aurka. Numantzia, Osasuna, Celta, Espanyol eta Deportivoren entrenatzaile izanda, hamalau bider neurtu ditu indarrak Realaren aurka: sei neurketa irabazi ditu, lau berdindu eta beste hainbeste galdu.
Vila-realen bidea ezagututa, ziur txukun arituko dela defentsan, eta nekez biluztu ahal izango du Realak kontraerasoan. Horren aurka, pazientzia eta abiadura izan litezke txuri-urdinen aliaturik leialenak.
Anoetan lehorreratuz
Gaur etxean Vila-reali irabaziz gero, Realak esku-eskura izango luke beste denboraldi batean Lehen Mailan aritzeaMontanierrek bi aldaketa egingo ditu: Demidov eta Agirretxe hasieratik ariko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu