Aulkitik begira

Ansotegi ez da Pique

Aitor Manterola Garate.
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Atzelariak aurrelari. Mikel Gonzalez ere ez da Bartzelonako erdiko atzelariaren antzeko jokalaria. Ezta Labaka ere. Beste ezaugarri batzuk dituzte gureek. Beren dohainen artean ez dago baloia atzetik jokatuz ateratzea. Baina igandean, horretan moldatu behar izan zuten. Eskuinaldetik jokatu zutenek, batez ere, handik joan baitziren Realaren eraso ahalegin gehienak. Hasieran Ansotegi jarri zen hor, gero Labaka. Oso goian jarri behar izan zuten, askotan Racingen zelaian sartuta. Baloia hartu eta jokoa banatzen aritu behar izan zuten. Ondorio hori heldu zen Martin Lasartek jokalariak zelaian kokatzeko marrazkia aldatu zuelako. Ez diot aparteko garrantzirik ematen egoera ezohiko horiei, baina horrela jokatzeko beste ezaugarri batzuk dituzten erdiko atzelariak hobeak dira. Dena dela, ondo deritzot entrenatzaileak hartu zuen erabakiari. Bolada txarra eteteko zerbait aldatzea ondo dago. Baina emaitza txarra izan zenez, egurra jaso du Lasartek. Beste helduleku bati eusteko gaitasunik ez, eta bost atzelariren kontua haizatu dute hor zehar. Nola litekeen Racingen aurka bost atzelarirekin jokatzea. Erantzunak agerikoak dira, beste bi galdera erabiliz: gaizki defendatu al zuen taldeak bost atzelarirekin? Eta erasoan zela bost atzelarietatik hiru ez al ziren oso goian jartzen, atzelarien lekuan bi bakarrik geldituta, Elustondo laguntzaile zutela? Erantzungo didate kritikoek lau atzelarirekin hobeto eraso egin zuela. Ados. Eta defendatu askoz ere okerrago, esango diet nik. Baina alferrik. Argumentazio antzuak zelaietako belarra baino ugariagoak dira futbolean. Imajinatzen al nauzue Pedro Miguel Etxenikeren hitzaldi batean, hari hitza kendu eta bere gaiari buruzko azalpenak ematen, gai horretaz alerik ez dakidan arren?

Ausart. Hartu du abantada Osasunak, eta behin etxetik kanpoko bolada eten zuela, bigarrenean zer eta 0-4 irabazi. Handia. Lau gol etxetik kanpo ez zituzten askotan sartuko... gogora etorri zait aurreko mendeko partida zoragarri hura, Jan Urban, Real Madrilen zelaia, Pedro Mari Zabalza entrenatzailea... Hura bai gau magikoa. Baina Osasuna beste mende batean dago, eta beste lehiakide batzuk dauzka orain. Baita beste entrenatzaile bat ere. Duela hilabete eskas taldearen ardura hartu zuenetik, askotan erabili du ahotan Jose Luis Mendilibarrek hitz bat: ausarta. Jarrera horrekin jokatu behar dutela esan eta esan ari da. Etxetik kanpoko jardunen bezperatan datorkio ahora hitza. Azkeneko bi partida irabazi izana aparte lagata, emaitzez haratagoko hausnarketa eginez, ausardia ezin zaio ukatu taldeari. Alacanten, igandean sartu zituzten lau goletatik bitan azaldu zen ausardia. Ageri-agerikoa izan zen. Osasunako jokalari asko zeuden Herculesen arearen barruan, errematerako pronto. Mendilibarren esanak jokalariek sinesten dituztela ezin da ukatu. Horixe nahi zuen Zaldibarkoak, eta lortzen ari da. Jokalariek fede itsua dute harengan.

Kanpotik eta barrutik. Bi jokatzeko eredu, futboleko bi molde ziren aurrez aurre San Mamesen. Athletic eta Vila-real. Joko zuzena etxekoek, zeharkako jokoa kanpokoek. Kanpotik barruranzko bidearen aldekoak zuri-gorriak, barrutik barruranzko bidearen jarraitzaileak horiak. Hegalak eta erdiraketak etxekoen itxaropen iturri, pase laburrak, hormakoak eta antzekoak kanpokoen asmoen ardatz. Bakoitzak berearekin, futbolari aberastasuna ematen diote bi taldeek. Igande iluntzean, oparotasun horren alderdi bat bestea baino gehiago azaldu zen. Emaitzak azaldu zuen ezberdintasun hori. Baina futbolaren aberastasunak mugarik ez duela agerian uzteko, etxekoen baliabide preziatua erabiliz sartu zuen gola Vila-realek: hegaletik erdiraketa, eta errematea buruz. Kanpotik barrura. Iraolaz eta Llorentez mozorrotu ziren Borja Valero eta Marco Ruben.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.