Donostiako Antigua auzoa atletismo pista erraldoia bilakatuko da bihar goizean. Antigua-Donostiako XV. Herri Lasterketa jokatuko da, berriak eta Donostiako Bagera Euskara Elkarteak antolatuta. Kirol festa ez ezik, aldarrikapen festa ere izango da. Izan ere, lehen ekitaldiak Egunkaria-k antolatu zituen. Horrela, hori gogorarazteko eta Egunkaria-ren itxiera beste behin salatzeko aukera izango da bihar. Bagera euskara elkarteak lan eskerga egin du aurten ere antolakuntza txukunena egin eta Antiguako Krosak oinarri-oinarrian izan duen helburuari eusteko: euskal prentsa sustatzea.
11:00etan hasiko da nagusien lasterketa, baina gaztetxoen probak jokatuko dira horren aurretik (10:00). Urterik urtera gero eta arrakasta handiagoa duten probak dira. Lau mailatan banatuta ariko dira: benjaminak, alebinak, infantilak eta kadeteak. Izen-ematea ez da itxi oraindik, eta dagoeneko 400 gazte baino gehiagok eman dute izena. Donostiako eta inguruko herrietako hamahiru ikastoletako ikasleek parte hartuko dute. Guztiek jasoko dute kamiseta bana, eta maila bakoitzeko lehen hiru mutilek eta neskek garaikur bana. Halaber, Olaberriako Kartingetan aritzeko txartela zozketatuko da parte-hartzaileen artean. Antiguako Krosean eta Arrasate-Oñatiko Krosean (berriak antolatu aurreko lasterketa) aritu direnak, berriz, Port Aventurarako bidaia baten zozketan parte hartuko dute.
Gazteen lasterketak amaitutakoan hasiko da nagusiena. 600 korrikalari inguru ariko dira nor baino nor gehiago 10 kilometroko ibilbidean, azken urteetako bera. Gero eta sona handiagokoak dira parte hartzen duten atletak. Hala, antolatzaileek ez dute baztertzen marka berriren bat ezartzea. Iaz David Markaida eta Ixiar Urdangarin izan ziren azkarrenak. Partze-hartzaile guztientzat izango da saria (elastikoa) eta Donostiako jatetxe ezagunetako bazkari eta afari txartelak zozketatuko dira. Izena emateko epea irekia dago oraindik. Haurrek bost euro ordaindu behar dute, eta sei euro helduek. Egunean bertan eginez gero, 10 euro ordaindu beharko dira.
ATLETISMOA. HERRI LASTERKETA
Antiguako XV. Herri Lasterketa jokatuko da bihar, BERRIA
Haurren proba 10:00etan hasiko da, eta maila nagusikoa 11:00etan; 1.100 lagun inguru ariko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu