Giroak eragindako oihartzunak kolpatuta hasiko da Euskal Bizikleta, gaur, Eibarren. Ez du proba hartako ikusgarritasunik edukiko, ezta hango parte-hartze distiratsurik ere, Pro-Tour Ligako egutegitik kanpo geratu ostean, baina Euskal Herrian korritzen den itzuli garrantzitsuenetakoa eta gogorrenetakoa da. Daudenak ezagunenak izan gabe, ezagun egingo dute, berriro, Euskal Bizikleta. Apalenen Giroa izenda dezakegu itzulia, Pro-Tour Ligan lekurik ez duten talde apalenentzat korrituko duten proba garrantzitsuenetakoa delako gaur Eibarren hasiko dena (Gipuzkoa).
104 txirrindulariko tropel txikia abiatuko da. Zortzi karreristako 13 talde, orotara. Hiru bakarrik dira Pro-Tour Ligakoak, Kontinental mailakoak beste bederatzi talde, eta Orbea, profesional mailakoa. Euskal Herriko Euskaltel-Euskadi, eta Espainiako Liberty eta Saunier Duval dira Pro-Tour Ligakoak, baina talde horien zortzikoa ez da bil dezaketen indartsuena, ezta gutxiago ere. Euskaltel-Euskadin azkenaldian bi garaipen lortu dituen David Herrero izango da taldeburua (Alcobendas eta Laudioko Sari Nagusiak), kirol zuzendariek Aitor Gonzalezek lan txukuna egiteko itxaropena baldin badute ere. Iban Mayok proba korri zezakeela zabaldu zuten orain dela aste bi, baina Igorrekoak Dauphine-Libere edo Suitzako Itzulia hobetsi ditu, Tourrari begira.Liberty taldeko Roberto Herasek irabazi zuen iaz Euskal Bizikleta, baina aurten ez du parte hartuko. Angel Vicioso espainiarra izango da taldeburua eta Luis Leon Sanchez, ezustekoa ematen saiatuko den gaztea. Saunier Duvalen Iñigo Cuesta izango da nagusia. Cuestak Kataluniako Voltako kronoigoera irabazi zuen eta aurre-aurrean ibiltzeko moduan da.Pro-Tour Ligatik kanpo dauden taldeen parte-hartzea ondo aztertu behar da, haien jardunak emango diolako bizitasuna Euskal Bizikletari, ondo bidean. Kaiku taldeak, adibidez. Ezequiel Mosquera da euren txirrindularia nagusirako, baina zalantzarik ez izan ihesaldietan-eta zeresan handia emango dutela Galparsoro, Bru eta besteekin. Barloworld taldeak ere garaipena lortzeko hautagai serioa den karrerista parea du: Felix Cardenas kolonbiarra eta Peio Arreitunandia mutrikuarra. Erlojupekoa dute aurka biek, igotzaile petoak direlako, baina mendate asko eta zailak, euren alde. David Plaza eta Igor Astarloa ere ez dira taldekide herrenak.Pavel Tonkoven jarduna zalantzazkoa da. Alcobendasko Sari nagusia irabazi bazuen, dena den, ondo dagoen seinale. Comunitat Valenciana ere maila bikaina ematen ari da. Antolakuntzak Orbea taldea ere gonbidatu du, eta keinu hori ausardiarekin ordaintzen saiatuko dira Jon Odriozolaren mutilak.
Oroko Santutegia, Arrateeta erlojupekoa, epaileak
739 kilometro ditu orotara Euskal Bizikletak eta 22 mendate. Nahi adina mendate eta aldapa gaizto dago igotzaileek egurra eman dezaten, baina mendate horiek baino erabakigarriagoa izan daiteke larunbateko bigarren sektorea: Elorrio eta Abadiño arteko 15 kilometroko erlojupekoa. Han pilatutako errentari eutsi izan diote erlojupekoan trebeak direnek.
Gaurko etapa da denetan errazena (Eibar Sopela). Biharkoak oso bukaera bihurria du. Olaberria, Lazkaomendi, Larraitz, Alkiza eta Hernialde igoko dira azken 40 kilometroetan. Ostiralean ere aldeko etapa izango dute igotzaileek. Urkiola kendu dute antolatzaileek ibilbidetik, baina Altubeko gaina eta Oroko Santutegia ere ez dira aldapa behera. Oroko Santutegiak bi kilometro eskas ditu, baina oso tenteak, indartsuena makurrarazteko modukoak.Igandean ere, arnasa hartzeko aukera gutxi, Arraten bukatzen den ohiko etaparekin. Ixua gainean, Arrateko lehen igoeran hasi ohi da eraso festa, eta errematea eman, ahal duenak, Arraten. Segundo gutxi batzugatik erabakitzen da podiuma eta lehiakortasun horrek proba bizia ziurtatzen du.
TXIRRINDULARITZA. EUSKAL BIZIKLETA
Apalenen 'Giroa'
13 taldetako 104 txirrindularik korrituko dute Euskal Bizikleta; Abadiñoko erlojupekoa eta Arrateko igoera izanen dira epaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu