Alaves

Aparretan jarraitu nahi dute

Alavesek boladarik onenean dela jokatuko du Bartzelona hauskor baten aurka, baina 2001. urtetik ez zaio nagusitu Mendizorrotzan. Jarraian laugarren norgehiagoka irabazi nahi dute babazorroek gaur, etxean.

(ID_13343444) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Samu Omorodion, joaneko partidan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
pettan uralde
2024ko otsailaren 3a
05:10
Entzun

Urtarrileko aldapa pikoa ondo gainditu ondoren, Alavesek benetako azterketa bat izango du otsaileko lehen norgehiagokan, Bartzelonaren aurkakoan. Gasteiztarrek gora egin dute, eta egoera nahasian dabilen aurkari bat izango dute aurrean gaur. Txapelketako lehen lau postuetan segitu nahi du Bartzelonak, kirol egoera korapilatsuari aurre egiteko. Bataren eta bestearen dinamikek aukera paregabea emango diote Alavesi laugarren partida jarraian irabazteko, non eta Mendizorrotzako gotorlekuan.

Arabako taldeak geldiezin jarraitzen du: Ligan hiru neurketa irabazi ditu segidan. Bolada horri esker, sailkapeneko 11. postura iritsi da, eta jaisteko postuetatik hamar puntura dago orain. Gainera, azken hiru jardunaldietan, zazpi gol sartu ditu, eta bi bakarrik sartu dizkiote. Bartzelonaren kontra punturen bat batzea oso garrantzitsua litzateke dinamika onean jarraitzeko. Azken lau partidetan lortutako hamar puntuek erakutsi dute txapelketako sendoenetako bat dela oraintxe Luis Garcia Plazaren taldea, hiru aurkari zuzen garaitu baititu segidan. Hala, gertuago dauka mailari eusteko helburua, eta sasoi bikainean dabil. 

Bartzelonari dagokionez, Vila-realen aurka galdu eta gero, Xavi Hernandezek iragarri zuen taldea entrenatzeari utziko diola ekainaren 30ean. Baina asteazkenean Osasunari irabazi zion, ete arnasa apur bat hartu zuen. Orain sendoxeago dabiltzala dirudi, eta azken txanpa serio eta lehiakorrago baten oinarriak finkatzen has daitezkeela. Dena den, aste gutxitan agur esan diote hiru tituluri, eta bide egokia aurkitu ezinik jarraitzen dute oraindik. Egoera mikatz horretan, talde hauskorra direla erakutsi dute.

Alavesen, Sedlar min hartuta dago denbora luzerako, eta Andoni Gorosabelek ere ezingo du jokatu, partida bateko zigorra bete beharko baitu, txartel pilaketarengatik. Baina baditu bi berri on gutxienez: Afrikako Kopatik garaiz iritsi dira Owono eta Abqar deialdian egoteko. Zalantza nagusia Abqarren inguruan dago, ez baitago argi hasierako hamaikakoan egoteko gai izango den. Hura osatzeko, itxura guztien arabera, Luis Garciak Tenaglia jarriko du eskuin alboan Gorosabelen hutsunea betetzeko, eta Abqar edo Duarte aukeratu beharko du defentsa osatzeko. Baliteke biek jokatzea ere, azkenean bosteko lerroaren alde egiten badu. Zelai erdian, ez da baztertu behar Benavidez itzultzea. Blancoren ordez jokatu lezake, taldeari sendotasun handiagoa emateko.

Azkenekoz 2001ean

Arabako taldeak gogoan dauka lehen itzuliko norgehiagokan bizi izandakoa. Orduan, punturen bat batzeko zorian egon zen. Omorodionek 0-1ekoa sartu zuen partida hasi eta berehala, eta atsedenaldira bitarte aukera asko izan zituen. Etxekoen bultzadaren laguntzarekin lortu zuen Bartzelonak partida iraultzea, baina orain Alavesek alde izango du zaleen babesa. Piztia beltza izan da Herrialde Katalanetako taldea Alavesentzat: 2001ean garaitu zuen azken aldiz Mendizorrotzan. Geroztik, hiru berdinketa baino ez ditu eskuratu Bartzelonak bisitatu duen zortzi alditan. Hala ere, bolada txar hori eteteko aukera gertu dauka gaur Garcia Plazaren taldeak.
 

ALAVES - BARTZELONA

Alaves. Sivera; Tenaglia, Rafa Marin, Duarte, Javi Lopez; Gebara, Blanco, Guridi; Rioja, Carlos Vicente eta Omorodion.  

Bartzelona. Iñaki Peña; Kounde, Araujo, Christensen, Cancelo; De Jong, Pedri, Gundogan; Lamine Yamal, Lewandowski eta Fermin.

Epailea. Martínez Munuera

Lekua. Mendizorrotza (19.200 ikusle).

Ordua. 18:30 (Dazn).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.