TXIRRINDULARITZA

Aparretan jarraitzen du Cavendishek

Esprinterrak bigarren garaipena lortu du aurtengo Tourrean, non eta aurrenekoz irabazi zuen toki berean. Bi garaipen eskasera du Eddy Merckxen marka. Van der Poelek arazorik gabe eutsi dio lidergoari.

Mark Cavendish, garaipena ospatzen. TIM DE WAELE / EFE
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 1a
18:35
Entzun

Duela hamahiru urte lortu zuen Mark Cavendishek (Deceuninck) Tourreko lehen garaipena, Chateaurouxen. Eta toki berean eskuratu du gaur 32.a, berpiztu egin dela berretsita. Ingelesak ez du zirkulua itxitzat eman nahi, bi garaipen eskasera baitu Eddy Merckxek Frantziako lasterketan ezarritako marka. Aurten bertan bete dezake erronka, orain arte erakutsi duen sasoiari eusten badio. Gaur, tropeleko azkarrena izan da berriro, Jasper Philipesenen (Alpecin) eta Nacer Bouhanniren (Arkea) aurretik. Bi etapa zakuratu ditu dagoeneko, eta oraindik badu denbora beste hainbeste irabazteko.

50 aldiz irabazi du itzuli handietan. Soilik Merckxek eta Mario Cipollinik lortu zituzten garaipen gehiago; 64 batak, eta 57 besteak. Cavendishek laugarren etapan kendu zion kortxoa bost urtez itxita egondako botilari, eta oraindik aparra dario. Deceuninckek lan zoragarria egin du gaur bere alde, azken kilometroetan makineria guztia martxan jarrita. Indarrez hustu egin dira taldekide guztiak, baita Julian Alaphilippe munduko txapelduna ere. Esprinta Philipsen eta Tim Merlierren (Alpecin) atzetik abiatu du Cavendishek, eta mugimendu arriskutsu batekin aurreratu ditu, kanpotik barrurantz eginda. Bestalde, lidergoari arazorik gabe eutsi dio Mathieu van der Poelek (Alpecin).

Greg Van Avermaetek (Ag2r) eta Roger Klugek (Lotto) osatu dute eguneko ihesaldia, eta bi kilometroren faltan harrapatu dituzte. Etapa aproposagoa izango da biharkoa iheslarientzat, bukaera hautsia izango baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.