2008ko abenduaren 20an heldu zen Jokin Aperribai Realeko presidente kargura. Bi urte igaro dira ordutik. Bi urte, bai. Erraz esaten da. Batik bat taldeak zuen egoeragatik. Iñaki Badiolaren postua hartu zuen Aperribaik, eta orduko Realaren egoera oso zen eskasa. Taldearen historiako 30. presidenteak hainbat kritika ere jaso behar izan zituen. Garai zailak izan ziren Realarentzat, baina biurte igarota, bestelako egoera du talde txuri-urdinak. Eta, noski, Aperribai bera ere pozik mintzatu zen atzo Anoetako prentsa aretoan: «Lanpostua hartu nuenean egoera txarrean zegoen taldea, baina ordutik helburu guztiak betetzen ari dira. Oso kontentu gaude».
Helburu nagusia, nola ez, taldea Lehen Mailara itzultzea izan da. Eta lana gogotik egin ondoren fruitua iritsi dela nabarmendu zuen Aperribaik: «Martin Lasarterengan jarri genuen begia. Konfiantza eman zigun lehen egunetik, eta asmatu genuen. Taldeak bikain jardun du lanean, eta Reala merezi duen tokian dago orain». Hala ere, atzera begiratu eta une gozoenak aukeratzeko orduan, zalantza gutxi egin zuen. Sasoi honetan inoiz baino gehiago ari da gozatzen: «Lehen Mailara itzultzea izugarria izan zen, baina orain egiten ari garena handiagoa da. Taldea ongi jokatzen ari da, eta Europako postuak oso gertu ditugu». Europa Ligan aritzeko baimena ematen duen seigarren postua lau puntura dauka Realak. Sailkapen nagusian bederatzigarren tokian dago.
Onenen artera itzultzeaz gain, baina, izan ditu beste helburubatzuk ere. Arazo ekonomikoak konpontzea, esaterako: «Kirol arloan hobetu egin dugu, baina ekonomikoan zer esanik ez. Orain urtebete jokalarariren bat saltzea beste erremediorik ez geneukan aurrera egiteko, baina orain ez dugu horren beharrik». Antoine Griezmannek txuri-urdinez jantzita jarraituko duela esan zuen, eta ez dutela harengatik eskaintzarik jaso. 2015era arteko kontratua dauka frantziarrak.
Azkenaldian Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariaren lanak zurrumurru bat baino gehiago piztu du, baina Aperribaik zalantza guztiak uxatu zituen: «Lorenen lanarekin oso gustura gaude, eta zurrumurruak jendeak asmatutako kontuak besterik ez dira».
Utzitakoak, urtarrilean
Imanol Agirretxeren eta Borja Vigueraren etorkizunari buruz ere hitz egin zuen Aperribaik, eta ezer erabakitzeko inongo presarik ez dagoela nabarmendu zuen: «Bi aurrelariok ongi ari dira lanean gurekin, eta ez daukagu ezeren presarik. Zerbait erabakiz gero, urtarrilean erabakiko da. Bitartean, Zubietan jarraituko dute buru-belarri».
Bi jokalarioz gain, baina, Asier Illarramendiri eginiko eskaintza batzuk ere jaso ditu Realak, eta mahaian bilduta hitz egin beharreko kontuak direla esan zuen presidenteak: «Etxean geratzea edo beste nonbait heztea komeni den adostu behar dugu, beretzat eta guretzat zer den onena erabakita».
Aperribai: «Bi urte hauek oso onak izan dira, helburu guztiak bete baititugu»
Mendeurrena, konkurtso legetik irten izana eta Lehen Mailarako itzulera ezagutu ditu presidente karguan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu