Aperribai: «Zalantza gutxi izan ditugu Montanierrekin»

Entrenatzaileak denboraldian zehar egin duen lana ona izan dela aitortu du Realeko presidenteak

Donostia
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Jokin Aperribai Realeko presidenteak taldearen inguruan sortu diren zurrumurru guztiak isilarazi nahi izan zituen atzo, komunikabideen aurrean. Philippe Montanierren jarraipenaren inguruan, Carlos Velaren eta Gonzalo Castro Chori-ren fitxaketen inguruan, taldearen egoera ekonomikoaz eta Joseba Llorente eta Diego Ifranen jarraipenaz aritu zen, beste hainbat gairen artean.

Duela pare bat aste Montanierrek beste urtebetez taldean jarraituko zuela argitu behar izan zuen zuzendaritzak. Jarraitu egingo zuela baieztatu behar horrek entrenatzailea bera ere harritu zuen, nolabait. Aperribairen esanetan, ordea, «zalantza gutxi» izan dituzte Montanierrek taldean jarraitzearekin. «Taldearen barruko txostenak aztertu ditugu. Argi eta garbi hitz egin dut berarekin. Denboraldiaz, taldearen helburuez, ondo egindakoaz, gaizki egindakoaz... Etorkizunari buruz ere bai». Hurrengo sasoian, eta datozenetan Montanier talde txuri-urdineko entrenatzaile izateko nahia agertu zuen presidenteak. «Taldearekin konprometituta dago, badaki zein diren taldearen helburuak, eta barneratuta ditu, emaitzek denborarekin onera egin dute... ez dugu entrenatzailez aldatzeko ezer ikusi».

Vela eta 'Chori' nahi ditu

Datorren sasoiari begira denen ahotan dabiltzan fitxaketei buruz ere aritu zen. Vela eta Castro jokalariak fitxatzeaz aritu zen. Taldean nahi ditu biak. «Bi jokalariekin hitz egiten ari gara, baina beste aukera batzuk ere baditugu. Dena den, zaila da biak hemen geratzea».

Realari garaipenak eman dizkion jokalaria izan da mexikarra. Bera izan da sasoi honetan taldean golik gehien sartu dituena. Aperribaik berak ere onartu zuen atzo, «sasoi bikaina» egin duela. «Baldintza oso onak ditu. Sasoi hasieran bera erosten saiatu ginen, baina galtzeko arriskua ikusi genuen. Asmatu egin genuen utzita ekartzen». Arsenalek eta Velakdituzten «aurreikuspen handiak» aldatzen ez badituzte, halere, zaila izango da Donostian geratzea.

Mallorcako erdilari uruguaitarraren izena ere ozen entzun da azken egunotan. Duela zenbait hilabetetatik haren ordezkariarekin harremanetan daudela baieztatu zuen presidente txuri-urdinak, baina «beste taldeetako eskaintzak» ere badituela esan zuen. «Badakigu non dauden gure mugak, eta talde batzuen aurka ezin gara borrokatu».

Denboraldian zehar ohi baino gutxiago jokatu dutenez, Llorente eta Ifrani buruz ere argi hitz egin zuen. «Egun Realeko jokalariak dira, eta taldeak konfiantza du beraiengan». Biek taldean jarraitzen badute, gainontzeko jokalarien «aukera bera» izango dutela azaldu zuen. «Ez dugu beste aurrelaririk fitxatzeko asmorik. Entrenatzailearen konfiantza irabazi beharko dute besteen modura. Ziur gaude euren esfortzua handiena izango dela».

Datorren sasoiari begira, 23 jokalari inguruko zerrenda izango du Realak. Aperribairen esanetan, aurrerantzean ere harrobiaizango du oinarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.