okin Aperribaik beste bost urtez segituko du Realeko presidente bezala. Espero bezala, babes zabala jaso zuen, atzo Donostiak Kursaalean egindako akziodunen batzarrean: %98ekoa—aurreko bozetan %97koa jaso zuen— Haren kudeaketa ontzat eman dute akziodunek. Txuri-urdinek 100.620.000 euroko aurrekontua aurkeztu dute denboraldi honetarako, eta gastuak 85.131.139 eurokoak izatea jasotzen da. Diru sarreren alorrean, nabarmendu behar da telebistako eskubideengatik 56 milioi euro jasoko dituela, aurreko sasoian baino sei gehiago. Bestalde, gastuetan pisu gehien lehen taldeak du, 44 milioirekin. Diru-sarrerak eta gastuak kontuan hartuta, klubak 15 milioi euroko irabaziak izango lituzke Realak sasoi honetan. Klubaren patrimonio gordina, berriz, 52 milioi eurokoa da da, eta 30 milioi euroko funts propioak ditu. Gainera, berretsi zen bazkideek oraindu beharreko kuota ez dela igo, eta ez dela izango ezta ere klubari laguntzeko egunik.
Aperribairen zuzendaritzak beste urtebeterako agintaldia zuen, baina Anoetako lanen proiektuari “egonkortasuna” emateko aurreratu ditu hauteskundeak. Hain zuzen ere Anoetaren eraberritzea izan da Aperribairen azken agintaldiko egitasmo nagusia. Maiatzaren 23an hasi ziren lanean hondeamakinak, eta ez dira geratuko 2019ko urri ingurura arte. Sei dira administrazio kontseiluan sartu diren kontseilari berriak: Nerea Aranburu, Maite Azkoaga, Javier Igartza, Jose Ramon Fernandez de Barrena, Fermin Altuna eta Aletx Pereda.
Galde-eskeen ataldean taldearen egungo kirol egoera izan dute hizpide hainbat akziodunek. Denboraldia ondo hasi ostean, bolada txarrean da Reala, eta besteak beste Espainiako Kopatik kanpo utzi zuen Lleida Bigarren B mailako taldeak. Hori dela eta kexu agertu dira gutxinez pare bat akziodun. Hala, erantzukizunak eskatu dizkiete Aperribairi, eta Eusebio Sacristan entrenatzaileari.