Michael Schumacher 1 Formulako gidari ohiaren osasun egoerak "apur bat hobera" egin du, Grenobleko (Frantzia) erietxeko sendagileek jakinarazi dutenez. Beste ebakuntza bat egin diote, eta medikuek azaldu dute garun barneko presioa apaldu egin zaiola.
Herenegun pistetatik kanpo eskiatzen ari zela izandako istripuaren ondorioz erietxeratu zuten Schumacher. Grenobleko ospitalean dago orain buruko traumatismo larriarekin, eta gaua zaintza berezietan igaro du. Atzo ebakuntza egin zioten eta bere egoera hil ala bizikoa dela jakinarazi zuten medikuek. Schumacherrek 44 urte ditu eta zazpi aldiz izan zen munduko txapeldun.