Apustuen apustua

Lau apustu etxek dute lizentzia Hegoaldean, eta 55 milioi baino gehiago fakturatu zituzten 2009an.

enekoitz telleria sarriegi
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Kirol apustuek gero eta merkatu zabalagoa dute, eta gero eta erabiltzaile kopuru handiagoa. 2008an banatu zituen Eusko Jaurlaritzak kirol apustuetarako lehen hiru lizentziak. Krisi ekonomikoaren testuingurua baino ez dute ezagutu sorrera hartatik, baina etenik gabe ari dira haien irabaziak hazten sortu zirenetik.

Reta, Kiroljokoa eta Garaipen Victoria dira lehen hiru lizentzia horiek lortu zituzten apustu etxeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan, joan den urrian jarri ziren abian kirol apustuetarako etxeak. Retak du lizentzia bat, eta Apuestas de Navarrak bestea. Reta etxea makina txanponjaleen sektoreko enpresariek sortu zuten bere garaian, eta haiek daramate egun, Kiroljokoa Aspe pilota enpresak darama, eta Garaipen Asegarce enpresaren babesean ari da lanean. Retak Nafarroara egin du jauzi —Osasuna futbol taldearen babesleetako bat ere bada—, eta Kiroljokoak ere bai, Apuestas de Navarra euren barneko enpresa baita.

Apustuen aldeko apustua erabatekoa da, beraz. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, EAEko biztanleek 55 milioi euro gastatu zituzten kirol apustuetan 2009an, eta zazpi milioi jokaldi egin ziren orotara. Reta da gehien fakturatu zuen enpresa (31,3 milioi), Kiroljokoaren (14,5 milioi) eta Garaipenen (9,4 milioi) aurretik. Apuestas de Navarrari buruzko daturik ez dago, joan den urrian hasi baitzen lanean.

Reta da apustu etxeen artean enpresa nagusia. 100 langile biltzen ditu bere barnean, eta 55 milioi euroren irabaziekin amaitu zuen 2010. urtea. Zamudion (Bizkaia) dauka egoitza nagusia, hamahiru denda dauzka (sei Bizkaian, bost Gipuzkoan eta bi Araban), eta 500 terminal baino gehiago hainbat tabernatan banatuta. Apustu etxe horien hurrengo helburua Internet bidezko apustuetan sartzea da, baina Espainiako Jokoaren Legeak aurrera noiz egin zain daude horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.