Joan den asteburuan jokatu dira BERRIA Txapelketako hirugarren jardunaldiko kanporaketak. Galdakaoko frontoian joan den ostiralekoa, eta Legutiokoan joan den larunbatekoa -frontoi eder askoak biak-. Ez zen ezustekorik izan, eta aurretik egindako iragarpenak bete egin ziren. Galdakaoko Adiskidek eta Azpeitiko Ilunpek egin zuten aurrera, eta txapelketa Arabako talderik gabe utzi -aurreko urteetan ez bezala, Arabako bi talde aritu dira aurten-. Irabazleek oso talde sendoak dituztela erakutsi zuten. Araban pilota ez dago beste herrialdeetan bezain garatua oraindik, eta horrelakoetan nabaritzen da, nahiz eta denbora gutxian oso ari diren gora egiten. Laugarren jardunaldiko kanporaketak non eta noiz jokatuko diren erabakita dago. Larunbatean, Lemoan (Bizkaia) ariko dira Lemoa etxeko taldea eta Igorre. Igandean, Hernanin (Gipuzkoa) jokatuko dute Iparraldek eta Ezkaraik. Lehen kanporaketa faseko azken bi norgehiagokak izango dira. Hurrengo fasetik aurrera zerrendaburuak sartuko dira lehian.
AIARA (Amurrio) 34
ADISKIDE (Galdakao) 66
KADETEAK: Dorronsoro-Elejalde8
Guaresti-Galarza 22
GAZTEAK: Cueva-Goikolea 14
Egiguren-Elezkano 22
NAGUSIAK: Guerrero-Arrate12
Beitia-Kantxo 22
Kadeteen partidak sortu zuen ikusmin gehien Galdakaon jokatutako kanporaketan. Dorronsoro eta Elejalde Arabako txapeldunak dira maila horretan, eta Guaresti eta Galarza Bizkaikoak. Hasiera polita izan zuen norgehiagokak. Dorronsorok hartu zuen erantzukizun guztia, eta hura nekatu zen arte partida orekatuta joan zen (7-6). Hortik aurrera bizkaitarrek agindu zuten. Hutsak egiten hasi zen Dorronsoro, eta gorabeherarik gabeko jokoa erakutsi zuten Guarestik eta Galarzak. Azken hori izan lau pilotarien artean onena. Maila horretan ari diren atzelarien artean onenetakoa dela erakutsi zuen.
Gazteen partidak oreka handiagoa izan zuen, baina bilakaera arraro samarra. Bi aurrelarirekin jokatu zuten Galdakaokoek, eta Elezkanok hartu zuen atzelari postua. Ez zen partida ona izan. Behar baino huts gehiago egin zituzten lau pilotariek, baina bizkaitarrek atera zuten aurrera norgehiagoka, beste munduko erakutsikeriarik egin gabe.
Gazteen partidan gelditu zen kanporaketa erabakita. Hori jakinda hasi ziren nagusiak jokatzen. Bi zati nabarmen izan zituen partidak. Lehenengoan, bizkaitarrek hartu zuten aurrea (11-0). Arrate Aiarakoa jokatzen hasi zenean aldatu zen partidaren itxura, baina ez buelta emateraino. Beitia izan zen lau pilotarien artean onena.
ILUNPE (Azpeitia) 66
LEGUTIO 30
KADETEAK:Etxaniz-Aizpuru22
Axpe-Larrinoa II.a 8
GAZTEAK: Arakistain-Murgiondo 22
Larrinoa I.a-Lekue11
NAGUSIAK: Larrañaga-Uzkudun 22
Jauregi-Angulo11
Hasieratik hartu zuten azpeitiarrek aurrea Legutioko frontoian jokatutako kanporaketan. Egia da kadeteen partidan arabarrak hasi zirela hobeto. Larrinoa II.a aritu zen bikain lehen tantoetan, baina aurrera egin ahala egin zuen behera. Etxanizek eta Aizpuruk maila horretako bikoterik sendoenetakoa osatzen dute, eta hori da erakutsi zutena. Aizpuru izan zen pilotaririk onena.
Gazteen partidan koska handi samarra nabaritu zen bi bikoteen artean. Arakistain eta Murgiondo Gipuzkoako txapeldunak dira, eta partida une batez 13-11 jarri bazen ere, itxura besterik ez zen izan. Arakistain aurrelariak justu samar zituen eskuak, eta Larrinoa I.ak estu antzean hartu zuen tarte horretan. Hortik aurrera, ordea, zuzenean joan ziren irabazleak 22raino. Arakistainek erreazkionatu zuen. Bikain aritu zen erasoan eta kontrarioen defentsa ahula baliatu zuen tanto ederrak egiteko. 25 tantoz aurretik zeuden Ilunpekoak gazteen partida hori bukatu zutenean; beraz, kanporaketa erabakita zuten hirugarren partida hasi aurretik.
Eta hirugarren partida ez zen espero zen bezain ikusgarria irten. Ilunpeko bikotea afizionatuetan ari direnen artean sendoenetakoa da, eta Legutioko taldean Ibai Jauregik jokatzen du, profesionaletatik hurbil dagoen pilotariak. Ez zuten pilotariek eurenik eman. Ilunpekoak nagusitu ziren. Uzkudunek Angulo mendean hartu zuen, eta Larrañaga Jauregi baino gehiago nabarmendu zen.
Arabarrik gabe doa aurrera
Amurrio eta Legutio BERRIA Txapelketatik kanpora utzi dituzte Adiskidek eta Ilunpek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu