ARACELI FERNANDEZ . «Profesionalizazioa, oraingoz, jasateko zaila da klubentzat»

B
IRAOLA
2004ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Bigarren denboraldia du ligak, eta, konpontzeko asko izan arren, ikusgarria izango dela dio.

TKEren bigarren urtea da hau. Nolako denboraldia izango dela uste duzue?
Kirol maila lehengo urtekoa bezain ona izatea espero dut, parekatua, emozio handikoa eta ikusgarria. Gertatzen da denboraldia hasi ere ez dela egin eta dagoeneko arazo batzuk baditugula.

Zeintzuk dira arazo horiek?
Kantabriarrekin ditugu arazoak. Arraunlari batzuk egoera irregularrean daude. Euren fitxak ez dituzte behar bezala egin, edo klub batek baino gehiagok berea dela dio. Gobernuarekin ere arazoak ditugu, hitzartu genuen diru laguntza ez baitigu oraindik eman. Liga berehala hastera doa, eta diru hori gabe nahiko gaizki ibiliko gara.

Eta zer egingo duzue?
Espero dut datozen egunotan irtenbidea bilatuko dugula, kontuan izanda astebukaeran bi proba ditugula dagoeneko. Egia esan, pixka bat erreta gaude kantabriarrekin, arazoak jarri izan dizkigutelako, baina dena onera etorriko dela uste dut.

Eta bestela?
Bestela, ligatik atera daitezela: hemen ez dago inor behartuta, eta ateak irekita daude; joka dezatela Liga Federatiboan. Espero dut gauzak bere onera etorriko direla, eta muturreko neurririk ez dugula hartu beharrik izango. Bestela, Kantabriako traineruak TKEtik kanpo gera litezke. Dena antolatua izanda, dezenteko buruhaustea izango litzateke, baina uste dut geratuko ginatekeen bederatziei beste ontzi bat batuta denboraldia aurrera atera genezakeela. Baina hori muturreko kasua da, eta ez dut uste gerta daitekeenik.

Aurten berrikuntza nabarmen bat izango duzue: GPS sistema, hain zuzen.
Ziabogetan ez bada, oso zaila da aurretik zein trainera doan jakitea, eta horretan lagunduko gaitu. Une oro jakingo dugu nor doan aurretik, zenbateko diferentziaz, diferentzia hori nola handitu edo txikitzen den, olatuen eraginaÉ aurrerapauso handia izango da.

Duela urte batzuk arraunlari batzuei dirua eskaintzen hasi zitzaizkien klub batera joan edo klubetik ez alde egiteko. TKEk araudi berri bat eta goi mailako txapelketa ekarri ditu. Arrauna profesionalizatzen ari al da?
Lau elkarte autonomotan 45 klub daude, eta horietatik 12 baino ez daude TKEn. Euskal Herrian azpiegitura garrantzitsuak dituzte, eta Kantabrian ere bai, baina Asturiasen eta Galizian dugun diru apurra punta-puntako kirol materiala izateko baliatzen dugu. Bestalde, tradizio handia duen kirola da, eta jendea Italia edo Alemaniatik ekartzen hasiko bagina, herritarrak ez lirateke klubekin identifikatuta sentituko. Bukatzeko, klub gehienek oraindik ez diete arraunlariei sarien zatia baino ordaintzen, eta profesionalizazioa klub gehienak egiteko gai ez diren zerbait da. Oraindik asko dago egiteko, nahiz eta batzuek itsu-itsuan sartu nahi izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.