Ohar bat argitaratu du Espainiako Futbol Liga Profesionalak, erabakiaren berri emateko. Bertan, zehaztu du epaileak Bigarren Mailara jaisteko zigorra ezarri diola Elxi, argudiatuta arau-hauste larriak egin zituela iragan urtean ere. Mailaz jaisteaz gain, 180.303 euroko isuna ere ezarri diote.
Ebazpenaren berri izan ondoren, balorazioa egin du Alex Aranzabal klubeko presidenteak, eta argi mintzatu da: "Lehen Mailan dago Eibar". Gogorarazi du auzia ez dela amaitu, erabakiaren aurka helegitea aurkez baitezake Elxek. Edonola, "atzo baino hobeto" dago Eibar epailearen erabakiaren ostean, Aranzabalen esanetan. Uztail amaierarako zehaztuta behar dute zein talde ariko diren Lehen Mailan eta zeintzuk bigarrenean.
Eibarren gaiaz: bi aste dauzka Elxek helegitea jartzeko kirol auzitegietan. Eta administrazio epaibidera ere jo dezake. @berria
— Aitor Manterola (@AitorManterola) June 5, 2015
Araudiari heldu dio Aranzabalek: "Guri legea zorrotz betearazi ziguten iaz, eta aurten ere bai Rafa Paezen kasuan. Eta orain ere hala behar zuen".
Aranzabal:"1.mailan gaude baina erabateko ziurtasunik gabe. Kirol plangintza egiteko ez da egoera onena. Tentuz egin behar dugu". @berria
— Aitor Manterola (@AitorManterola) June 5, 2015
Egoera behin-behinekoa izanda, aitortu du ez dela kirol plangintza egiteko modu onena; edonola ere, berretsi du Lehen Mailan egonda ere Gaizka Garitano ez dela Eibarren entrenatzailea izango: "Garitanoren zikloa amaitu dela pentsatzen du klubak, berak bezala".
Lau auzi zabalik
Espainiako Ligak gogorarazi du gaur-gaurkoz zorra ordaindu gabe jarraitzen duela Herrialde Katalanetako klubak. Lau auzi dauzka zabalik: Ogasunari dirua zor dio; gainditu egin du Ligak ezarritako soldatetako diru kopurua; aurreko administrazio kontseiluak irregulartasunak egin zituen diru kontuetan; eta, azkenik, jokalariei dirua zor die.
Aranzabalek egoera hori ere izan du hizpide: "Elxi gertatutakoaren erantzuleak klubeko agintariak dira. Elkartasuna azaltzen diegu zaleei, jokalariei eta langileei".
Elxen aurkako zigorrak ahalbidetuko dio Eibarri Lehen Mailan jarraitzera. Liga 18. postuan amaitu zuen talde armaginak, eta azken hiru postuetan sailkatuak jaisten dira Bigarren Mailara.