Iragan sasoiko euforiak zerbaiterako balio dezala, horixe du gaur jokoan Athleticek. Gogorra da abuztu hasieran halako esaldiak erabili behar izatea, baina hori da egia krudela. Bilboko zaleek eztia dastatu zuten Espainiako Kopan, zerua hatz puntekin ukitu zuten, eta saria Europa Liga jokatzeko aukera izan zen. Uzta gal ez dadin du helburu Athleticek Suitzan, eta bide batez zaleari espero gabeko atsekabea saihestea. Athletic Young Boys baino gehiago da, baina San Mamesen ez zuen erakutsi eta aurkako 0-1ekoaren zamarekin zelairatuko da.
Bernako taldea egokitu zitzaionetik Suisse Wankdorfde estadioko belar artifizialeko zelaiak aurkariak baino zeresan gehiago eman du Bilbo aldean. Arazoa, baina, ez da zelaia, emaitza baizik, eta joaneko partidan emaniko irudia hobetzea. Joaquin Caparrosek zintzo onartu zuen kontrarioak gehiago izan zirela San Mamesen, eta autokritikarako lehen pausoa eman. Gaur ia edozein garaipenek Athletic sailkatzen du, eta bada gauza Bernan irabazteko. Jokalariak baikorrak dira, eta mezu ezkorra helarazi duen bakarra, David Lopez, ez da sartu deialdian.
Athleticeko jokalariei baikortasuna darie. Herenegun Ocio eta Iraola ziren, aldagelako oilarretako bi, taldeak aurrera egingo zuela ziotenak, eta kanporatuak izateko ideia ez zitzaiela burutik ere pasatzen. Eurek agian ordurako bazekiten bezperan Lopezek lehen partidan galtzea «beheraldia» zela esan zuela, eta teknikariari ez zitzaiola gustatu. Egiari zor, erdilari espainiarrak ez du maila onik erakutsi denboraldi-aurrean jokaturiko adiskidantza partidetan, eta hutsunea ezin zaie hitzei bakarrik egotzi. Baikortasunak, gainera, badu zentzua. Kanporaketa bati bueltaematean izaerak garrantzi handia du, eta hobe da gehiegizko segurtasun irudia ematea, Suitzako Ligako talde baten aurka jokatzera burumakur joatea baino.
Athleticek belar artifizialeko zelai batean egin ditu azken bi lan saioak, eta baliteke egokitzeko aski izatea. Era berean, joaneko partidan arlo fisikoan alde handia egon zen bi taldeen artean. Ondo bidean gaur txikiagoa beharko luke, Athleticek hilabete daramalako entrenatzen dagoeneko. Hamaikakoari dagokionez, litekeena da Yestek jokatzea, bai baitirudi erabat sendatu zaiola bihurrituriko orkatila.Caparrosek joaneko partidako hamaikakoa errepikatuko du ziur asko, baina ez litzateke harritzekoa izango Muniain edo De Marcos gazteek tokiren bat izatea.
Iraultza, gazteen esku
Gauzak okertu, eta Caparrosek aldaketa behar dituelako aulkira begiratzen badu, ez du bizar askorik ikusiko. Teknikari espainiarrak, ausart, Iker Muniain, Ander Iturraspe eta Oscar De Marcos sartu baititu deialdian. Iruindarrak 16 urte ditu, eta joaneko partidan egin zuen debuta. Iturraspek, berriz, 19, eta De Marcosek 20. Laguardiakoa da denboraldi-aurreko golegile nagusia, eta atzo lotsagabe esan zuen kanporaketa pasatzea ez dela «hain zaila», eta baita ondo arrazoitu ere. «Edozein garaipenek balio digu, eta gu beti irteten gara irabaztera». Agian horregatik du gustuko Caparrosek, anbizioa eta ausardia dituelako, eta De Marcosek oso argi duelako Athletic Young Boys baino gehiago dela.
Arazoa ez da zelaia
Athleticek joaneko 0-1ekoari buelta eman behar dio gaur, Young Boysen zelaian, Europa Ligako atarikoan aurrera egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu