Iraupena. 58 minutu.
Pilotakadak. 480.
Sakez. Irujok bost eta Olaizola II.ak hiru.
Markagailua. 0-3, 3-3, 3-6, 11-6, 11-7, 13-7, 13-9, 15-9, 15-10, 20-10, 20-12 eta 22-12.
Bestelakoak. Bilboko Bizkaia pilotaleku berria, leporaino beteta: guztira, 3.000 ikusle. Partida hasieran dirua nahiko parean, Olaizola II.aren eta Beginoren aldeko joerarekin. Jokin Etxaniz aritu zen botilero lanetan Aspekoekin, eta Roberto Garcia Ariño Asegarcekoekin. Bigarren mailako txapelketan, Olaetxea-Albisuk 22-19 irabazi zieten Idoate-Ladis Galartzari.
Gutxi egongo dira munduan aste batetik bestera erabat alda daitezkeenak. Alegia, zazpi egunen buruan beltzetik zurira pasa daitezkeenak. Bada, horietako bat da Irujo. Izan ere, hanka eta erdi txapelketatik at zutenak finalerako hautagai sendo dira orain. Joan zen astean tanto bakar baten baitan zegoen bere etorkizuna. Atzo Bilbon eman zuen ikuskizunaren ostean, baina, bere esku dauka geroa. Eskuin eskua zela, belauneko tendinitia zela; hainbat buruhauste zituen txapeldunak partidari ekin baino lehen. Tantoak jokatu ahala, hori bai, zalantxa guztiak uxatu zituen. Irujok garbi erakutsi zuen zergatik den txapelduna. Bere izenak dioen moduan, zera egin zuen: hiru jo eta bukatu.
Norgehiagoka aparta jokatu zuen, denetariko tantoak lortu baitzituen. Guztira hamabost egin zituen, eta soilik bi galdu. Ikusgarriena 16-10ekoa izan zen. Olaizola II.ak atzera jo, eta bosgarren koadroaren atzean hankak zituela sekulako gantxoa jo zuen. Bizkaia pilotalekua zutik jarri zen, eta nola ez, Irujo hazi egin zen. Hortik aurrera konfiantzaz aritu zen, eta ez zien inolako aukerarik eman aurkariei. Nabarmentzekoa da sakez bost tanto egin zituela.
Egia da, hala ere, Merino II.a gabe ez zela berdina izango. Ardi ona da Irujo, baina ardi guztiak bezala, sarritan geratzen da noraezean. Beraz, artzain ona behar gidatzeko. Eta nor egokiagorik Villar de Torreko mutila baino. 20 urte besterik ez, lehenengo txapelketa, eta inor baino maila hobea ematen ari da. Atzo ere bera izan zen onena. Pilotak bata bestearen atzetik baztertu zituen, aurreko koadroetan bikain moldatu zen aurrelariari lagunduz, eta hori gutxi balitz, atzean hiru tanto lortu zituen. Ez dago gehiago eskatzerik.
Bere mailatik urrun aritu zena Begino izan zen. Pilota garbi bakarra galdu zuen, baina erraztasun handiak eman zizkien aurkariei. Fisikoki, gainera, berehala nekatu zen, eta horrek baldintzatu zuen gehien bat neurketa. Lehen txanpan eustea lortu bazuen ere, bigarren zatian ezinean aritu zen. Txapelketa luzetxo ari zaio gertatzen, nonbait. Olaizola II.a ahalegindu zen laguntzen handik eta hemendik, baina alferrik. Goizuetakoak ez zuen partida txarra jokatu, eskuinez fresko atzeman zen, nahiz bere helburua ez bete. Zortzi tanto egin zituen, eta hiru galdu.
Zalantzarik gabe, puntu garrantzitsua lortu zuten Aspekoek, baina ez hori bakarrik, tanto aldea ere ederra eskuratu baitzuten. Eta eguneko protagonista nagusiak, Bizkaia pilotalekuak, bikain erantzun zuen. Berria izan arren, ongi ibiltzen da pilota, eta ez dauka inongo aitzakiarik.
Gaur, Eibarren
Xala-Barriolak eta Gonzalez-Laskurainek finalerdietako ligaxkako bigarren partida jokatuko dute gaur, Eibarren (17:00, ETB1). Lehen fasea indartsuenen amaitu duten bi bikoteak ariko dira aurrez, eta neurketa gogorra espero da. Hori bai, dirua Xalaren eta Barriolaren alde irtengo da nahiko garbi. Iazko finalaren kutsua duen norgehiagoka izango da, orduan Zubieta aritu baitzen egun Barriola dagoen postuan. Beraz, errebantxa gosez irtengo dira kantxara Gonzalez eta Laskurain. Beste behin ere, iparraldeko bi pilotari ariko dira lehian aurreko koadroetan. Ea nor den gehiago.
Irujo-Merino II.a 22. Olaizola II.a-Begino 12
Ardi onak artzain ona badu...
Irujok eta Merino II.ak oso ongi jokatu eta ligaxkako lehen puntua eskuratu dute; tanto alde handiarekin, gaineraBizkaia pilotaleku berriak bikain erantzun du; pilota azkar ibiltzen da eta erosoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu