TXIRRINDULARITZA. URTEKO BALANTZEA

Ardo gaztea, ondua baino hobea

24 garaipen lortu dituzte euskal txirrindulariek 2004an; zailduta daudenenak bainoago, heltzen ari direnenak dira gehiengo

Andoni Urbistondo.
2004ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Arabako Errioxako mahats uzta bikaina izan da eta ardoa ere halakoa izango dela esan dute adituek. Konparazio bat egite aldera, Euskal Herriko txirrindulari tropelean egoera arras ezberdina da. Ondutako, zaildutako txirrindulariek espero zena baino lan txarragoa egin dute, eta ontzen, hazten ari diren karreristek, oso txukuna.

24 garaipen lortu dituzte orotara euskal txirrindulariek. Iban Mayo izan da emankorrena. Zortzi garaipen lortu ditu Igorrekoak, sona handikoak batzuk. Aitor Galdos ermuarra da garaipen gehien lortu dituenetako bat, hiru, hain zuzen ere. Hirugarren mailan korritu du Team Nippo taldekoak, baina hiru garaipen lortzea edozein mailatan da zaila.Galdos bezala, asko dira maila txukuna eman duten txirrindulari gazteak. Jonathan Gonzalez bilbotarrak eta Koldo Gil burlatarrak, adibidez. Gilek etorkizun handia duela erakutsi du, erregulartasun handiko txirrindularia dela.Garaipenez haratago, balantzea ez da hain ona. Tourreko eta Vueltako sailkapen nagusietan euskaldunik ez da agertzen lehen 20 sailkatuen artean. Halakorik gertatzen ez zela urteak dira. Giroan Juanma Garate hobeto aritu zen eta sailkapeneko 10. postuan bukatu zuen. 2003-ko Tourrean sailkapen nagusiko bosgarren eta seigarren postuetan sailkatu ziren Haimar Zubeldia eta Iban Mayo, hurrenez hurren, eta biak podiuma lortzeko hautagaiak zirela saldu bagenuen ere, huts egin zuten biek.Euskaltel-Euskadik 11 garaipen lortu ditu, iaz baino bi gutxiago, baina kopuru horrek dioena baino kaskarragoa izan da haien jarduna. Tourrean jarri zuten indar guztia eta ez zuten neurririk eman. Vueltan ere ezinean aritu ziren Gorosperen mutilak, eta oso itxura txarra eman zuten. Baque taldeak bi garaipen lortu ditu, soilik, baina Euskaltel-Euskadin 11 garaipenek eragiten duten kontrako hausnarketa eragiten du. Baque, aurrekontu txikiko taldea da. Euskal- tel-Euskadik Baquek halako bost du, baina Baquek talde lan txukunagoa egin du Espainiako Vueltan, eta Cardenas kolonbiarrak erremate polita eman dio.Nazioartean, Armstrong, Bettini eta Cunego izan dira izar distiratsuenak, baina ez bakarrak. Seigarren Tourra irabazi du errenkadan Armstrongek. Cunego denboraldi bakarrean igo da tronura, beste batzuk urteak eman badituzte ere, eta Bettinik Olinpiar Jokoetako urrea eta Munduko Kopa irabazi ditu.Alessandro Petacchiren 21 garaipenak, edo Tom Boonenek besoak garaile jaso dituen 19 egunak ere ezin sotoan ahaztu.

-

Euskal garaipenak



 

8 garaipen





Iban Mayo (Euskaltel-Euskadi): Alcobendasko Sari Nagusiko bi etapa eta Sari Nagusia. Asturiasko Itzulia, Narancoko Igoera, Dauphine-Libereko aitzin-etapa, etapa bat (Mont-Ventouxeko kronoigoera) eta itzulia.

3 garaipen





Aitor Galdos (Team Nippo): Maggiore Aintzirako Giroa, Marokoko Itzuliko etapa bat Circuito Montañeseko beste bat.

2 garaipen





Unai Etxeberria (Euskaltel-Euskadi): Mallorkako Challenge-eko 5. etapa (Calvia Trofeoa) eta Laudioko Sari Nagusia.

Jonathan Gonzalez (Paternina-Costa de Almeria): Errioxako Itzuliko 2. etapa eta Ordiziako Sari Nagusia.

Pedro Horrillo (Quick Step): Paris-Nizako bigarren etapa eta Uniqa Classicseko laugarren saioa.

Garaipen bat





Igor Astarloa (Lampre): Brixia Tourreko etapa bat.

Jon Bru (LA-Pecol): Bombarral Sari Nagusia.

Koldo Gil (Liberty): Gaztela-Leongo Itzulia.

Roberto Laiseka (Euskaltel-Euskadi): Euskal Bizikletako bosgarren etapa.

Unai Yus (La Boulangere): Essengo Itzuliko lehen etapa.



-

Garaipen gehien lortu dituzten txirrindulariak



 

G. K. E. I.

A. Petacchi 21 0 21 0

Tom Boonen 19 4 14 1

A. Valverde 15 2 10 3

D. Cunego 13 5 6 2

M.V. Heeswijk 12 3 9 0

L. Armstrong 11 0 9 2

T. Hushovd 10 5 5 0

I. Gabrovski 9 1 7 1

D. Hondo 9 1 8 0
 

Iban Mayo 8 1 4 3

G.: Garaipenak. K.: Klasikoak. E.: Etapak. I.:Itzuliak
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.