REALA 1.LEVANTE 1

Arerioak nahi zuena

Realak ez du ondo jokatu, eta ez da gai izan Levanteri nagusitzeko, markagailuan aurreratu arren

Diego Rivas, epailearekin eztabaidan, eta haien ondoan Asier del Horno. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Zurutuzak (53. min.). 1-1: Del Hornok (77. min.). Epailea: Fernandez Borbalan. Txartel horiak: Realeko Sutili;eta Levanteko Juanfrani, Munuari, Javi Ventari eta Ballesterosi. Bestelakoak: 20.000 ikusle inguru Anoetan.

Denboraldiko bigarren berdinketa lortu zuen atzo Realak, Anoetan sasoi honetan bertan jokatutako partidarik grisenean eta etenaldiz beterikoan. Ez zen zaleek espero zuten emaitza, arerioak espero zuena baizik, baina egiari zor, taldeak ez zuen gehiagorik merezi izan, inspirazioari zein intentsitateari erreparatuta gaizki aritu zelako, eta norgehiagoka Levanteri komeni zitzaion ildotik joan zelako ia une oro. Pena izan zen, aurretik jarri zelako atzo ere, eta garaipena gertu izan zuelako, baina horretarako bete-betean aritu behar izaten du Realak ia beti, Ligako oilarrek ez bezala, eta atzo ez zuen lortu bere onena ematea, ezta gutxiagorik ere.

Azken egunotako arazo fisikoak gorabehera, bere arma arriskutsuenak erabili zituen Martin Lasartek, Prieto zein Griezmann hasieratik aritu baitziren. Ansotegiri atsedena eman zionetik, ikusten zen gaurko partidari berebiziko garrantzia ematen ziola entrenatzaile uruguaitarrak. Levantek argi utzi zituen bere asmoak hasieratik. Bigarren minuturako, Juanfranek lehen ostikoa eman zion Prietori. Beste asko etorriko ziren. Denbora galtzeko arazorik ere ez zuten izan valentziarrek, baina, oro har, ikusi zen aurkaria ondo aztertua zeukatela. Ondo jarri ziren zelaian, eta hegaletatik Realak sortu ohi dituen nagusitasunak geldiarazi zituzten laguntzekin.

Erritmo gutxiko partida

Txuri-urdinek partida hotz hasi, eta hotz jarraitu zuten. Euskarriak ez ziren batere fin ibili jokoa sortzerakoan, eta artistek ere, lesioengatik, edo besterik gabe egun txarra zutelako, ez zuten batere asmatu. Partida itxia, motela eta nekosoa zihoan, eta pazientzia eduki eta mugikortasuna bilatu beharrean, zailena eginez saiatu zen Reala, baloi ugari galduta. Levantek ere ez zuen arriskurik sortu, baina, zenbait boladatan, jabetza gehiago eduki, eta hobeto erabili zuen. Lehen zatiaren bukaera aldera suspertu zen pitin bat Reala, zaleek lagunduta. Griezmannek bi aukera on izan zituen, baina kamuts ibili zen ate aurrean ia bakarrik.

Erritmoa handitu nahi izan zuen taldeak atsedenaldiaren ondoren, baina Levantek ere hortzak erakutsi zituen kontraerasoren batean. Traza onik ez zuen jokoak, baina Realak badu denboraldi honetan ezer askorik egin gabe, aurkariaren akatsak baliatuta, golak sartzeko erraztasuna. Aranburuk ikusi zuen zuloa, eta bere pase sakona ondo aprobetxatu zuen Zurutuzak Munua lehen zutoinetik gainditzeko. Adorea eman zion golak taldeari, eta ondorengo minutuetan gorago berreskuratu zituen baloiak, baina gutxiegi iraun zion bultzadak. Markagailua alde zuela jokatzen ez zuen asmatu eta eustera mugatu zen.

Aldaketekin arriskatu zuen Levantek. Jeffersonek gatza eman zion eskuinetik, eta beste aurrelari bat bere sartu zuen Luis Garciak, euskarriaren ordez. Hala ere, aukera handirik ez zuen sortzen, eta zortea izan zuen lagun berdintzeko, Del Hornoren ezkerkada ate barrurantz desbideratu baitzuen Ansotegik. Realari neurria hartua dio bizkaitarrak, Valentzian ere gola sartu baitzion talde txuri-urdinari. Azken ahalegin bat egin zuen taldeak, baina fede handirik gabe. Levantek lan serioa egin zuen defentsan, eta ez zuen bere burua estu ikusi. Demidovek buruz jo zuen azken arnasan, baina gora joan zitzaion errematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.