Euri dezente egin du 2007ko urtarrilaren 28tik, Realak eta Athleticek Lehen Mailan elkarren aurka jokatu zuten azken partidatik. Eta are gehiago 1976ko abenduaren 5etik, Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar Atotxan artean legez kanpokoa zen ikurrinarekin zelairatu zirenetik. Euri dezente egin du bi egun horietatik gaur arte, baina gaurko derbiak bi momentu horiei keinu egingo die egun osoan. Donostiako Alde Zaharrean hasi eta Anoetan amaitu, euskal derbietan ohikoa den giro ederra izango da gaur Gipuzkoako hiriburuan. Partidak berak sortuko du saltsa, baina azken momentu garrantzitsua besterik ez da izango hori, tartean hamaika ekitaldi izango baitira.
1. Alde Zaharra
Zaleren batzuek ahaztuta izango dute agian, baina, Realaren eta Athleticen arteko derbi guztietan gertatzen den moduan, gaur ere zale ugari inguratuko da Donostiako Alde Zaharrera. Eguerdi aldera espero da zaleak Alde Zaharrera inguratzen hastea, eta 18:30 aldera arte, ez da faltako talde baten eta bestearen aldeko oihurik.
2. Bazkari ofiziala
Bi taldeetako presidenteek eta ordezkariek elkarrekin bazkalduko dute, eta bertan omenaldia egingo diete Kortabarriari, Iribarri eta Josean de la Hoz Urangari, 1976ko abenduaren 5ean ikurrinaren atzean tapatuta zihoan jokalariari. Jose Luis Zumetaren argazki muntaketa bat jasoko dute hirurek, partida hura gogoratuz. Bi zuhaitz ageri dira muntaketa horretan, bat urdina eta bestea gorria, eta erdian uso bat, ikurrinaren koloreekin. «Euskararekin bat» leloa irakur daiteke behealdean. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jokin Aperribai Realeko presidenteak banatuko dituzte oroigarri horiek.
3. Kalejira
18:30erako dago antolatuta Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) bi taldeetako zaleekin batera derbiaren atarian antolatu ohi duten kalejira. Bulebarretik abiatuko da kalejira hori, eta euskararen eta Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena egingo dute. Behin Anoetara iritsita, Aitor Zabaleta zenari omenaldia egingo diote estadioaren atarian dagoen oroitarriaren parean.
4. Ikurrinarekin zelaira
Partida hasi baino minutu gutxi lehenago 1976ko ikurrina hura bera esku artean dutela zelairatuko dira bi neska-mutiko, Realeko eta Athleticeko elastikoak jantzita. Neska-mutiko horiek Realeko eta Athleticeko bi kapitainei emango diete ikurrina, eta zelai erdiraino joango dira jokalari guztiak, «Euskararekin bat» leloa daukan pankartarekin argazkia ateratzeko.
5. Euskararen alde
Behin jokalariek argazkia aterata, Etxe kantariak Guk euskaraz abestia kantatuko du, eta zaleek euren eserlekuetan edukiko dute kantu horren letra, eurek ere abestu ahal izateko. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Realaren ekimenez, beste ekitalditxo bat ere egingo dute. Herenegun Euskararen Eguna izan zela eta Realak elastikoetan «Gipuzkoa euskararekin bat» leloa daukala baliatuta, Anoetako markagailu erraldoietan hainbat iragarki ikusi ahal izango dira. Realeko eta Athleticeko jokalariek grabatutako iragarkiak ikusi ahal izango dira batetik, eta Realeko jokalariek eurek soilik grabatutakoak bestetik.
6. Zaleak eta ikurrinak
ESAITen deialdi berezia egin zuen atzo, Realaren eta Athleticen arteko partida ikustera joaten diren zale guztiek ikurrina eramateko eskatuz. Iribarrek, Kortabarriak eta Urangak egin zutena gogoraraztea da ekimen horren helburua. 21:00etatik 23:00etara jokalarien esku egongo da ikuskizuna.
Argazkia eta festa buruan
Eguerdian hasi eta iluntzeko hamaikak aldera arte, derbia girotzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte gaur Donostian; tartean, zaleek egin ohi duten kalejira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu