Argentinak ezustekoz ezusteko ari da Munduko saskibaloi Txapelketan. Kanporaketa guztietan berezkoa duen izaera lehiakor hori erakutsi du, eta final-laurdenetako Serbiarekin egin bezala, finalerdietan Frantzia kanporatu du (80-66). Espainiak, aldiz, gorriak ikusi ditu Australiaren aurka irabazteko (95-88). Igandean jokatuko dute finala, Pekinen (14:00). Irabazten duen selekzioak bigarenez lortuko du munduko titulua.
Argentina ondo merezita sailkatu da Munduko Txapelketako finalerako. Laurden guztietan izan da Frantzia baino hobea, eta talde saskibaloi erakustaldia eman du. Hori gutxi ez, eta aurkaria sendoen den arloan egin dio min: uztaipean. Argentinako pibotek partida handia jokatu dute, Luis Scolak bereziki. Baskoniako jokalari ohiak 39 urte ditu, baina sasoi bikaina erakusten ari da. Frantziaren aurka 28 puntu sartu ditu eta 13 errebote hartu. nabarmentzekoa ere Facundo Campazzoren partida: hamabi puntu, zazpi errebote eta sei asistentzia. Baskoniako jokalariei dagokienez, biek lan txukuna egin dute. Patricio Garinok ez du punturik sartu hemeretzi minututan, baina lan handia egin du defentsan. Bera pistan egon den tartean Argentinak jaso baino 17 puntu gehiago sartu ditu. Luca Vildozak, aldiz, hamar puntu sartu ditu hamabost minututan, eta lau asistentzia eman.
Argentinak oso ondo kudeatu du partida. Atsedenaldira 39-32 aurretik iritsi ondoren, ez dio Frantziari gerturatzen utzi. Hirugarren laurdenaren amaieran 60-48 aurretik zen oraindik, eta une oro mantendu du hamar puntutik gorako aldea. Azken laurdenean, baina, Frantzia gerturatzen hasi da, hein handi batean ahal fisikoaren eraginez. Gauzak okerren zeudenean, baina, Scola agertu da, bi erasotan bi hiruko sartuz, eta hortxe apaldu da Frantziaren adorea.
Marc Gasol: 33 puntu
Aurreneko finalerdian Espainiak bi luzapen behar izan ditu Australia kanporatzeko (95-88). Marc Gasol bere izarrak egun aproposa aukeratu du txapelketako partidarik onena jokatzeko (33 puntu). Ricky Rubio antolatzaileak ere partida handia egin du: hemeretzi puntu eta hamabi asistentzia. Antolatzaileen arteko duela ederra izan da, Patty Mills izan baita onena australiarren aldetik: 34 puntu, lau hiruko sartuta.
Lehenengo laurdena amaitzerakoan, 22-21 aurretik zen Espainia. Australiak hasierako intentsitateari eutsi dio, ordea, bigarren laurdenean ere, eta, atsedenaldira iristerako, aldea egin du markagailuan. Australiarrak 37-32 heldu dira aurretik bigarren laurdenaren amaierara.
Atsedenalditik bueltan, abantaila handitu du Australiak Espainiarekiko. 11 punturen aldea izatea ere lortu du (39-50). Espainiak, baina, garaiz erantzun du, eta lau puntura murriztu du aldea hirugarren laurdena amaitu denerako (51-55).
Azken laurdenean, aurretik eutsi dio Australiak partidari, harik eta azken txanpan, 28 segundoren faltan, Espainiak markagailua berdintzea eta aurretik jartzea lortu duen arte (71-70), Marc Gasolen bi jaurtiketa libreri esker. Patty Mills australiarrak berriro berdindu du partida azken unean (71-71), jaurtiketa libre batekin. Bigarren jaurtiketa huts egin du San Antonio Spurseko jokalariak, baina luzapena behartu du behintzat.
Lehia oso parekatua izan da luzapenean ere. 78-78 berdinduta zeuden bi taldeak hirugarren minutuan, eta emaitza bera islatzen zuen markagailuak amaierarako 16 segundu falta zirela. Une horretan, Marc Gasolek falta egin dio Millsi, eta australiarrak sartu egin ditu bi jaurtiketa libreak (78-80). Segidan, Australiak falta egin dio Gasoli, eta horrek berriro lortu du berdinketa (80-80). Azken jokaldian, Matthew Dellavedova australiarrak ez du lortu partida erabakita uztea, eta beste luzapen bat izan da.
Espainiak tartea zabaltzea lortu du bigarren luzapenean, Sergio Llulen hirukoekin (90-82). Millesek ere beste hiruko batekin erantzun du (93-88), baina Gasolek ezarri du azken emaitza, beste saskiratze batekin. Azkenean, 95-88 nagusitu da Espainiako selekzioa