Munduko Kopa

Argentina, sufrimenduaren bidetik

Argentinak 2-1 irabazi dio Nigeriari, eta Frantziaren aurka jokatuko du final-zortzirenetan. Islandia jota utzi du Kroaziak (2-1), eta Danimarka izango du aurkari  

Argentinako jokalariak 2-1eko gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 26a
22:49
Entzun

Nigeria    1
Argentina    2
Golak. 0-1: Messik (14. min.); 1-1: Mosesek (pen, 50. min.) ; 1-2: Rojok (86. min.).

Kroazia    2
Islandia    1
Golak. 0-1: Badeljek (53. min.). 1-1:  Sidgurssonek (pen, 75. min.); 2-1: Perisicek (87. min.).

Jainkoa, existitzen bada, argentinarra dela diote argentinarrek. Txiste ezaguna da, euren herrialdeari egozten dioten antolakuntza kaosa kontuan hartuta, herrialdeak oraindik zutik irautea azaltzen duen arrazoi bakarra delako. Ezin da jakin dibinitaterik dagoen, eta are gutxiago hura Hego Amerikako hegoaldeko muturrean jaioa den, baina aldagai paranormal horiek betetzen badira, ziurtzat jo daiteke jainkoa futbolzalea ere badela. Izan ere, bestela, kostata uler daiteke nola sailkatu den Argentina Munduko Kopako final-zortzirenetarako. Bultzada mistikoaren teoriak bakarrik azaldu dezake hain futbol kaskarra egin arren lehen langa pasa izana.

Nigeriari gorriak ikusita irabazi zion atzokoan Argentinak, eta Islandiak gol aukera asko huts egin ondoren galdu zuen Kroaziaren aurka. Horiek ziren Jorge Sanpaoliren ekuazioak behar zituen aldagaiak, eta biak bete ziren. Argentinak, gainera, 86. minutuan lortu zuen bigarren gola, zaleen eta Diego Armando Maradonaren eromenerako. Kutuna behera egina dago, eta siesta luzea egin zuen palkuan, baina garaiz esnatu zen. Ondorioz, Argentinak Frantziaren aurka jokatuko du final-zortzirenetan, eta orain arte emaniko maila asko, baina asko, hobetu ezean ez du zereginik. Kroaziak, aldiz, multzoko talde sendoenak, hiru garaipen lortu ditu, eta Danimarkaren aurka jokatuko du.

Argentinako Gobernuak 86. minutuan utzi zuen bertan behera  gaurko nazio guztirako prest zuen dolu egun deialdia. Mercadok erdiraketa ederra egin, eta Rojok zetorkion bezala eman zion. Hori, baina, ez zen nahikoa ordurako makil erdira zeuden banderak  hain goiz igotzeko, Islandiak 2-1ekoa sartzen bazuen Argentina kalean baitzen. Aurkakoa pasa zen, baina, Perisicek 1-2koa sartu zuen eta islandiarren ilusioak zapuztu zituen. San Petersburgoko estadioko harmailetan bildutako milaka argentinarrek bi gol ospatu zituzten bata bestearen atzetik.

Une hori liberazioa izan zen Argentinarentzat. Lehen fasean oso maila kaskarra eman du, agian bere inoizko Munduko Kopa txarrenean, eta atzo latz sufritu zuen Nigeriari irabazteko. Deigarriena, dena den, Nigeriak ere oso gaizki jokatu zuela izan zen, eta partida osoan ia ez zituela lau pase jarraian kateatu. Argentinak, baina, Lionel Messi du, munduko jokalari onena, eta 1-0eko gola hark sartu zuen, Banegaren pase zehatza area barruan modu ikusgarrian kontrolatu ondoren (14. min.).

Golarekin atzera egin zuen Argentinak, eta pausoan jokatu zuen ia partida osoan. Zutoinera bidalitako falta bat izan zen arrisku emari guztia. Nigeria ere ez zebilen fin, eta ezinezkoa zirudien gola egitea, baina bigarren zatian Mascheranok penalti inozoa egin Baloguni, eta Mosesek sartu zuen (51.min.).

Handik gutxira sartu zuen Kroaziak 1-0ekoa (53. min.), Badeljeken bitartez. Emaitza ez zen justua, lehen zatiaren amaieran Islandiak hiru gol aukera oso garbi huts egin zituelako. Islandiaren garaipenak kanpoan uzten zuen Argentina. Amaiera oso urduria izan zen bi zelaietan, are gehiago Sidgurssonek penaltiz banakoa sartu zuenean (1-1, 75.min.). Aurreko jokaldian Islandiak beste jaurtiketa bat bidalia zuen langara.

Bi zelaietako berdinketek Nigeria sailkatzen zuten final-zortzirenetarako, eta afrikarrek bi aukera on izan zituzten bigarrena sartzeko. Ighalo aurrelariak, baina, ez zuen egunik onena izan, eta bi erremate huts egin zituen area barruan. Rojok, ordea, ez: hark bai sartu zuen bere aukera, baita Perisicek ere. Euforiak 8.000 kilometroko jauzia egin zuen Afrika erdi aldetik Argentinaraino.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.